Alperraren oda

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-03-13 17:23
2

Alperra naiz. Izugarri alperra. Larunbat goizetan esnatzen naiz, adibidez, eta esnerik ez dudala ikusten badut kafetegira jaisten naiz gosaltzera. Supermerkatura joateko alferregia naiz. Igandean esnatzerakoan berriro konturatuko naiz esnerik ez dudala. Eta berriro jaitsiko naiz kafetegira. Hiri honetan kafeak 1’90 € balio du. Datu horrekin nire alferkeriaren dimentsioa hobe uler dezakezue.
Ohean gelditzea gustatzen zait. Buruan pentsamendu astunik ez. Eguzkiak nire aurpegia masajeatu dezan uzten dut. Zein goxoa den neguko eguzkia.
Nire mutila ez da alperra. Izugarri langilea da. Ohean gelditzen bada irakurtzen egoten da. The New York Times-ek gomendatzen duen guztia irakurtzen du. Neguko eguzkia ez da gertakizun miresgarria berarentzat. Ordenagailu aurrean igarotzen ditu egunak, lanean. Alboan hiztegiak, gidak, liburukoteak. Langileek bakarrik darabilten liburukoteak. Traizioan sorbalda gainetik pantailan duena irakurtzen badiot haserretzen zait.
Ohean edo sofan alperrarena egiten topatzen banau “liroi polita” deitzen nau. Euskaraz dakien gauza bakarra. Ez daki “bai” esaten, ez daki “ez” esaten, soilik “liroi polita” esan dezake euskaraz,
Alperra izateari uzten badiot ez nau berriz liroi polita deituko. Horregatik, eta ez beste arrazoi batengatik, ez diot alperra izateari utziko momentuz.

leirita

leirita 2005-03-22 17:56 #1

<p>ooohhhhhh ze politaa Katiuxka!!!</p>

Janire Rodriguez

Janire Rodriguez 2005-03-31 14:00 #2

<p>artikulu ona Katixa! politte da goizetik iratzartzea da buruen ezer ez dekozularik goxo-goxo ogean gelditzea, baina neuri zeozer desbardiñe gertaten jat, aspaldiko oroitzapenak datozkit burure da horregaitzik altze ein binaz... ostantzien amesgaiztoak be gogora etortzen jataz.</p>


Utzi iruzkina: