Okupatu, eutsi, ekoiztu. (Argentina IX)
“...Soldaten parekotasuna, funtsezko erabakiak asanbladan hartzea; lan intelektualaren eta eskulanaren arteko bereizketa gaitzesten dugu, txandakako lanpostuak nahi ditugu eta, batez ere, gure ordezkari hautetsiak aldatzeko eskubidea... Okupatu, eutsi, ekoiztu...”
Jakingo duzuen bezala, Argentinan XXIgarren mende hasierako krisiak lantegi askoren itxiera suposatu zuen. Patroiek milaka enpresa porrotera eraman zituzten, arduragabeki (“lehendabizi ni salbatzen naiz, gero ni eta azkenik ni” esaten zuten patroi askok, lotsagabeki). Sektore pribatuaren eraginkortasunaren diskurtso guzti hori elite txiki batek harrapaketa masibo bat justifikatzeko asmatu zuen pantaila bat baino ez da... Guztira, 18 000 enpresa itxi behar izan ziren, baina hauetatik berrehun eta bostek-edo muntaia hari tinko eutsi ahal izan zioten.
Langileak antolatu egin ziren, beraien lantokiak okupatu zituzten, poliziaren kargei aurre egin zioten eta ekoizten jarraitu zuten... Lantegi berreskuratuek kapitalismoaren idealik garestiena desafiatzen dute: jabetza pribatuaren santutasuna. Langileriak enpresak kontrolatzeko maneiatzen dituen argudiaketa legal eta politikoak ez dira soilik ordaindu gabeko soldadetan oinarritzen, ezta era magikoan lurrundutako irabazietan ere, edo ustutako erretretetan...
Langileek makinez eta instalazioez jabetzeko duten eskubide moralaren defentsa sofistikatu bat aurkezten dute. Oso ondo armatutako defentsa hau maila pertsonalean zor zaien diruan oinarritzen da, baina batez ere gizarte osoari zor zaion aberastasun horretan... “Nork bere lana defendatzeko bestearen lana defendatu behar du lehendabizi...” Gogor egin behar da lan enpresa bat berreskuratzeko, baina benetako lana langilea bera berreskuratzean datza...
Prozesu guzti hauek hobeto ulertzeko eta datu gehiago eskuratzeko hainbat liburu argitaratu dira, eta beste hainbeste filme ekoiztu (FaSinPat, The Take...). Nik Buenos Airesen bisitatu ditudan hiru enpresa aipatuko ditut.
Lehena hotel bat da, ‘Bauen Suite’. Hiri erdi-erdian dago, etorbide nagusi baten ur-bazterrean... Langileek era kolektiboan kudeatzen dute enpresa hau. Hotel bezala funtzionatzen du, eta baita gune kultural eta politiko bezala ere. Bertako altzariak zahar samar geratu dira, baina langileek beraien ogibidea mantentzea lortu dute...
Ezagutu dudan bigarren enpresa berreskuratua ‘Chilavert Inprenta’ da. Nagusi ohiak inprenta itxi nahi izan zuen, zortzi langile ziren orduan. Egun hamahiru lagun dira. Kooperatiba bezala antolatu dira, kultur gunea ere badira, eta batxilergo bat ere jarri dute martxan... Okupazioaren garaian, ekoizten jarraitu zutelarik, eta polizia patruilez inguratuta zeudenean, horman zulo txiki bat eginez eta auzotar baten laguntzari esker atera ahal izan zuten materiale inprimatua kalera...
Hirugarren enpresa IMPA da, fabrika metalurgikoa. Langileen kudeaketan esperientzia aitzindaria da beraiena. Hauek, Estatuaren aldetik enpresaren nazionalizazioa eskatzen dute, proiektu sozialista zabalago baten testuinguruan... Langileek enpresaren ateak ireki zizkieten auzokideei, kultura, hezkuntza eta osasun guneak eraiki zitzaten. Ekintza honek funtzio bikoitza zuen, alde batetik elkartasuna lantzeko espazio komun bat sortzea, eta bestetik desalojo bortitz baten mehatxuaren aurrean autodefentsa antolatzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: