Latinoamerika eztabaida prozesuan (Argentina VII)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-09-27 17:02

Irailaren bederatzian, Maiatza Plazako Amen Unibertsitate Popularrean (UPMPM), Ekonomia Politikoa eta Giza Eskubideen inguruko laugarren Topaketa Internazionala hasi zen. Hiru egunez, ikasgela desberdinetan, goizeko hamarretatik iluntzeko bederatziak arte, hainbeste hitzaldi, tailer eta eztabaidetan parte hartzeko aukera izan genuen. Aurten partaidetza zabala, anitza eta oso aktiboa izan omen da, topaketak ehundik gora herrialdetako lagunak bildu zituen, eta antolatzaileen aburuz jende gazte mordoa bertaratu zen...

Hemen doakizue mahai-inguruotan landu ziren gaien zerrenda txiki bat: Mundua ala Kapitalismoa dago krisian?, Ekonomia soziala eta herri mugimenduak, Nazioarteko baldintza ekonomiko berriak (Iparra eta Hegoaren arteko harremana), Garapen sostengarria eta aldaketa klimatikoa, Latinoamerikaren gaur egungo erronkak, Laborarien giza mugimenduak (elikadura-subiranotasuna), Politika publikoak eta ekonomia soziala...

Latinoamérica

Printzipioz gaia zurruna izan badaiteke ere sistema ekonomiko berri bat garatzearen garrantzia uka ezina da, bidezko gizarte bat eta mundu hobeago bat eraiki nahi badugu behintzat... Merkataritza justua, kontsumo arduratsua, lukurreria gutxiestea, ingurumenaren defentsa, justizia soziala, elkartasuna eta autogestioa dira kapitalismo itsuari kontrajartzen zaizkion eta gure esku dauden alternatibak.

Ekonomia pentsatzeko era berri bat jarri behar dugu martxan, eta lehen bait lehen gainera. “Ekonomia herriaren zerbitzura jarri behar dugu. Erronka honek gizartearen mobilizazio konprometitua eta indartsua eskatzen du. Langileriak eta erakunde sozialetako kideek sektore ahulenen suspertzea gorpuztuko dituzten proposamenak eta proiektuak bultzatu behar dituzte. Intelektualek eta ikertzaileek herriaren eta herrialde desberdinen zerbitzura ipini behar dute beraien jakituria. Kudeaketa mailan erantzunkizuna duten funtzionarioek aberastasunaren banaketa hobe bat eta aukera-berdintasuna ahalbidetzeko politika publikoak sustatu behar dituzte...” Honako diskurtso hau topaketa antolatu zuen zuzendariak bota zuen jardunaldiaren hasieran, eta berdin-berdin balio lezake europako edozein herriren testuinguruan...

Bicentenario

Duela berrehun urte, Latinoamerikako herrialde gehienek beren independentzia politikoa lortu zuten. Hala ere, gaur oraindik, lurralde honetako herriek ekonomia eta justizia sozialaren arloan autonomia osoa lortzeko erronkan bide luzea dute egiteko...

Mundu mailako krisialdi honetan ikusten da Latinoamerika indartsu dagoela, hain zuzen ere neoliberalismoaren joko arauak alde batera uztea erabaki duelako. Hainbeste urtetan zehar Estatu Batuekiko eta Europarekiko izan dituzten menpekotasun harremanak apurtzeko asmoz esperientzia politiko eta ekonomiko berriak abiatu dituzte. Neoliberalismo gordinaren atzaparrak beraien azalean sufritu dituzten herri hauek pauso adoretsuak ari dira ematen, integrazio sozial baterantz eta elkartasun kontinental baterantz...

Borroka globaliza dezagun! Itxaropena globaliza dezagun!


Utzi iruzkina: