Kronika (...eta II)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2009-01-09 16:31
3

Olentzerok ez zuen hutsik egin urteroko zitara, eta hor agertu zen 24 iluntzean, Arantxeko aldatzetik behera, dantzari eta trikitilariek lagunduta. Gaztetxean dozenaka lagun geunden berari itxaroten, tartean hainbat ume, eta ongi etorri beroa egin genion bengalen laguntzarekin. Opari eta karameloak banatu zizkigun guztioi, eta guk gustura abestu genion, ondoren, datorren urterarte agurtu eta alde egin zuen gure ikazkinak.

Hurrengo egunak ere konpletoak izan ziren, 25ean lurpetarren kolektiboak babesturiko esperimentu eguna ospatu genuen beste behin ere; hainbat esperimentu burutu genituen bertaratutako jende guztiaren aurrean, batzuk hobeto eta beste batzuk eskasago, baina arratsalde polita pasa genuen. Hurrengo egunean jende asko batu ginen Irani buruzko hitzaldian, hitzaldi hau ere IPESeko lagunek eskaini zuten eta oso interesgarria izateaz gain, ekialde hurbileko egoera orokorraz,iparramerikarren papeaz,  kurduetaz,… ere hitz egin genuen. Bi egun hauetan zehar, Yurrebaso nebarreben komiki eta kamiseta erakusketa ere izan genituen karabien,

Abenduaren 27an  zita garrantzitsua genuen, AHTren kontrako eguna, hamabostaldi honetako egunik konpleto eta zirikatzaileena prestatuta geneukan Arratia Bizirik taldeko lagunekin elkarlanean eta Arratiako hainbat  elkarte eta lagunen babesarekin.  Manifestazioan 150 lagunetik gora batu ginen eta gaueko kontzertuan giro ederra sortu zuten Impekables nafarrek. Egun honen inguruan, hona hemen sarean zehar dabilen beste kronikatxo bat;

Askotan panfletarioa izatea leporatzen jako herri mugimenduaren diskurtsoari; grisa eta zurruna, aspergarria, "betiko konbentzituentzat egindakoa"... Atzo kontrakoa ikusi ahal izan genduan Lemoan, "Irudimena boterearen kontra", aspaldiko El Corazón del Sapo-ren diska gogoratuz. AHTren kontrako mobilizazino ikusgarria izan zan atzo Lemoan egondakoa. Arratia bizirik-en eskutik AHTri ezetz esateko biztu zan Arratiako herri mugimendua. Txikizioaren kontra eta inguruak jagotearen alde dagozala erakutsi eben ehundaka herritarrek. Kolorez betetako protesta izan zan. Zorakeriari mugak jarri eta beste garraio-modu bat, beste ekonomia eredua bat, azken batean, bestelako mundua posible dala adierazi eben bildutakoak. Han egon zirean eskualdeko herri-mugimenduaren milaka aurpegi: zankudoak, bengala eta su-artifizialak, cow-boy-en rock´n´rolla, perkusino eta jantza afrikarrak, bertsoak eta alboka, jantzarien "Agurra" eta Arratiako jota, poliziaren jarrera salatzeko "performance"-a, AHTri buruzko galdera-erantzunen testa, arnesdun pankarta-jartzaileak, superheroien pelikula... Entsalada zoragarrian. Eta "mitina" Kaptain Planet-en eskutik: Geurea delako ahalmena, AHT geldituko dogu. Ostean, "bokotada" eta parranda, jaia eta burruka! Hemetik gure zorionik beroena parte hartu eben guztiei. Horixe da bidea! (Igorre sarean blogetik hartua)

Abenduaren 28an Zaztaparrak taldeak umeentzako Kaleklariona jolasa prestatu zuen gaztetxe pareko parkean, eta hainbat ume hurbildu zen bertara ere, kaleei kolore apur bat eman eta ederto pasatzeko. Hurrengo egunean torturari buruzko “Hautsitako lehioa” bideoa ikusi genuen 30 lagun inguruk, eta estatu terrorismo mota honen inguruan hausnartzeko unetxo bat hartu genuen, Urteko azkenaurreko gauerako Gau Laburra antolatu genuen, eta Karabie Produkzioak taldeak eginiko azken kortoak (S Sukaldean, Etxebizitza, Urtikariaren bideoklipa…) eta errekuperatutako zenbait perla ere proiektatu genituen bete Beteta zegoen gaztetxean. Urtea amaitzeko, ohiko futbol partidua jokatu zen goizez Arlonagusian, eta gauean berriz ere karaokea egon zen gaztetxean, giro ederrean hasi genuelarik urte berri hau.

Urtarrilaren 2an Bertso Marrazki Trama geneukan programaturik gauerako, baina giroa berotzen hasteko asmoz, poteoa egin genuen lehenengo albokari eta trikitilarien laguntzarekin, herrian bertan ere giroa sortuz. Saioa hasi aurretik zertxobait jan, eta oso gustura jarraitu genuen ikuskizuna bildu ginen 40 lagunok. Lazkano eta Abarkas aritu ziren bertsotan, Meñika marrazkilari eta Z komandantea gaijartzaile moduan, saio alai eta beroa izan zen, eta behin bukatutakoan, gaua luzatu ere egin zen batzuentzat…

Zapatuan, Bilbora presoen alde joateko deialdiarekin bat egin genuenez, ez genuen ezer prestatu, baina domekan arratsalde berezia izan genuen gaztetxean; Truke azokarekin hasi (non nesken partehartzea azpimarragarria izan zen lehen aldiz) eta pintxo lehiaketarekin bukatu genuen. Pintxo irabazlea Silbak prestaturiko bíper beteak izan ziren, txipiroi saltsaz lagundurik. Hamar pintxo inguru aurkeztu ziren lehiaketara, eta epaimahaikideak Maiki eta bere lagun ingles bat izan ziren. Aitzakia ederra berriz ere gaztetxean afaltzeko, hori bai, jende gehiago zegoen jateari txaroten sukaldean lanean baino, je, je! Truke Azoka eta Pintxoen artean gazte asanbladako azken garaiotako kartel eta argazkiak  ere proiektatu genituen.

Horrela bada, hamabostaldia bukaerara iristear zegoen, baina oraindik azken txanpa falta zitzaigun. Urtarrilaren 5ean kontzertu berezi batekin gozatu genuen, Stankeik Band and The Lost Bastards proiektuaren hirugarren edizioa hain zuzen ere. Ekimen honetan, kantu ezagunen bertsioak jotzen ditugu gaztetxekideok, eta ediziotik ediziora kalitatea eta partehartzea handituz doa. Aurtengoan 13 abestiko errepertorioa prestatu genuen, eta gaztetxea bete egin zen ikuskizunarekin disfrutatzeko, eta hórrela izan zen, ederto pasatu genuen eta gaua luzea izan zen.

Azkenik, iritsi zen hamabostaldi honetako azken eguna, eta benetan ere urrun geratzen direla hasierako hitzaldi eta ekimenak! Azken egun honetan bi gauza izan genituen; alde batetik Mus eta Briska Txapelketa, non 5 bikote inguru aurkeztu ziren eta azkenean igorreztarrak suertatu ziren garaile. Beste aldetik, hamabostaldiko amaiera ekitaldi xumea ere egin genuen aurten, bigarrenez; Egun guzti hauetan gaztetxean zintzilikatuta geneukan pankarta kendu eta su artifizial ikusgarriekin agurtu genuen aurtengo edizio hau. Eskerrikasko era batera edo bestera parte hartu duzuen danori, eta denok batera, gaztetxea aurrera!!! Autogestioa eta irudimena.

 

ai ama2

ai ama2 2009-01-09 18:20 #1

Gauzetzu bet!badau modurik bideoak blogean eskegi eta bertan egon ezin izin garenok ikusi ahal iziteko?

ai ama

ai ama 2009-01-09 18:24 #2

<P>Joder!! ze ondo!! ikusten da ederto paseozuela&nbsp;hamabostaldi kulturalean ee!!! emozinau eta dana inez kronikea irakurterakoan..</P>
<P>Argi dau bai, gogoagaz eta jentean parte hartzeagaz gauze on eta politek urtetan direla.</P>
<P>Animo Karabie!! Autogestioa eta Irudimena!!</P>

kara2e

kara2e 2009-01-09 20:39 #3

Aupa extranjeriko harriketarrak!!!! Ba asmoa deku bideoak be internetera igoteko, abisauku!!!!!


Utzi iruzkina: