Komunikatzearen garrantziaz... (Argentina XVII)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-12-07 23:52
1

Gure hipotesia honako hau da: kapitalismo mediatikoa krisian dago. Eraldaketa teknologiko, sozial eta politikoen abiadurak komunikazio bide komertzialak oso modu bortitzean mutatzera behartu ditu, eta garai dekadente batean aurkitzen dira egun, Gutenbergekin hasi eta akaso gaur bertan bukatzear dagoen garai batean. Trantsizio honek komunikazio tresna humanoagoak eraikitzeko aukera ematen digu. Muga, amesteko eta egiteko gai garen hori. Helburua, komunikazioaren zentzua berreskuratzea, harremanetan sartzea. Asko dugu gure alde. Errealitatea deitzen dugun hori berrikuntzen ‘big bang’ indartsu bat da. Aurrerabide teknologikoek sareko eta espazio globaleko lana sustatu dute. Gizartea jarrera aktiboan dago, pasiboan baino gehiago. Galdera da, etorkizuna sukaldatzen ari den lapiko bero horretan gu geu ere barnean sartzen garen edo ez...

17b

 

Gaur egun, komunikazio bide komertzialak ez dira publikatzen dituzten istorioetaz elikatzen, ezkutatzen dituzten haietaz baizik. Komunikazio bide masiboek funtzio zehatz bat dute, iritzi ofiziala zabaldu eta inposatzea. Kontrol sozialari eusteko punta zorrotzeko tresnak dira. Hau da hain zuzen ere kapitalismo mediatikoa, boterearen eraikuntza kontrolean eta manipulazioan oinarritzea, informazio fluxuak mugatu eta klasifikatzea...

 

Informazioaz jabetzea giltzarria izan bada botere inperialaren metaketa gorpuzteko, informazio hori mugiaraztea inperioa bera ahultzeko modu bat izan daiteke. Partekatzen den informazioaren aniztasunak eta kalitateak markatuko du botere eredu hori zalantzan jartzeko dugun gaitasuna...

 

            Web sarea, mundu osoko sare zibernetikoen sarea ez zuen inongo gobernuak edo enpresak sortu, hein handi batean informazioa partekatzeko beharrizan sozial batek baizik. Jakintzak publikoa behar du izan, eztabaidagarria eta kritikagarria, eboluzio etengabean dagoen zerbait behar du izan...

 

            Zergatik alternatiba soil batekin konformatu espazio propio eta original bat sor bagenezake? Zergatik hainbeste energia gastatu emisio monopolikoaren efektuak indargabetu nahiean beste hamaika sintonia desberdin sor baditzazkegu? Alternatiba hitzaren barnean errepikapen itxurako mugaketa bat ezkutatzen da. Kontrainformazio hitzaren barnean gure ahalegin oro xurgatzen duen guda-zelaia dago harrapatuta. Jarrera honekin gorde nahi den hori baino ontzi txikiagoa diseinatzen da, eta lortu nahi den horretara iristeko ez gara nahikoa handinahiak. Gure sormen gaitasuna aukera urriko menu batera mugatuko bagenu bezala da. Baina dagoeneko pauso bat haratago behar dugu eman, jada ezin konformatu gaitezke joko arauen alde edo kontra azaltze hutsarekin, botere mota honen konplexutasuna ulertu behar dugu. Arau maila eta agintari predikatzaile desberdinak ezagutu eta hauei banan-banan desobeditu beharraz ari gara hizketan... Besteek gu izatea nahi duten hori errefusatzea da komunikazioa berregituratu eta eraberritzeko eman beharreko lehen pausoa...

 

Arriskuak hartzeko gaitasuna, aukeratzeko ausardia hori, halako konfiantza hirukoitz batean oinarritzen da: norberarengan, hurkoarengan eta gizartearengan... Eraginkortasuna iraupenaren alaba da. Eta soilik sortzeko gai den horrek irauten du. Sortzen badu, orduan iraungo du...

 

            Gogoa. Denbora. Borondatea. Testua, irudia, iritzia, ebaluazioa, audioa. Konpromisoa. Erantzunkizuna. Iraunkortasuna. Sareko lana. Errespetua. Parte hartzea... Informazioa ekoizteko estilo berri batez ari gara hizketan... Garrantzitsua ez da komunikazio bide bat eraiki eta sostengatzea, mezu bat transmititzea baizik...”

 

17a

            Testu hau irakurri orduan erabaki nuen Karabiko blogean nire bizipenak idaztea, zuei esperientzia guzti hauek helarazteko... Mendoza hirian kultur gune interesgarri bat ezagutu dut, La Casita Colectiva. Bertan bospasei talde desberdinek espazio dinamiko, hezitzaile eta solidario bat kudeatzen dute. Inprenta bat dago hemen, arte plastikoa lantzen duen talde bat, ikus-entzunezko berriemaile herrikoi bat, eztabaida politikoaz okupatzen den talde bat, bidezko merkataritza bultzatzen duen saltoki bat, telebista komunitario bat... Gaur bururatu zaidana zera da, erabil dezagun gaztetxeko bloga musika entzuteko, bideoak linkatzeko, gure kortoak estekatzeko, eztabaidatzeko, barre egiteko, matxinatzeko, boterea izorratzeko, sortzeko, ikasteko, harremanetan sartzeko...

Garazi

Garazi 2010-12-16 16:18 #1

Aupa Iker, <br /><br />Gusture irakurtzen dodaz zure kronikak eta goraintziek hirugarren pisutik! <br />


Utzi iruzkina: