Gol, gol, gol... (Argentina XX)
“Zer antzekotasun dute futbolak eta Jaungoikoak? Ba, sinestun mordo batek dieten debozioan, eta beste hainbeste intelektualek dieten mesfidantzan”. Eduardo Galeano.
Hemen itzuli dizkizuedan testuak Nuestra Cultura aldizkarian azaldu ziren pasa den uztaileko alean, aldizkariaren 5garren zenbakian.
“…Futbola argentinarren nortasuna osatzen duen eta ondo sustraituta dagoen elementu bat da, elementu kultural sendo bat. Hemen jendea futbolarekin jaio eta hazten da, eta kirol joko hau disfrutatzen ez duenak ba berarekin bizitzen ikasten du. Beste edozein pasio bezala, futbola ororen gainetik jartzen badugu, neurrigabeko balioa ematen badiogu orduan gure burua tronpatzeko eta lokartzeko arriskuan eroriko gara noski, eta ondorioz garrantzitsuago eta oinarrizkoagoak diren gauzak begi bistatik galduko ditugu. Baina hori gertatzen bada, ez da futbolaren errua izango, gurea baizik…
…Gure biolentzia esplizitua eta inplizitua ezagutu nahi baditugu, gure garaile eta galtzaile jarrerez zerbait jakin nahi badugu, gure azaleko eta isilpeko arrazismo bortitzaz, erlijio bihurtu ditugun gure sineskeriez eta sineskeri bihurtu dugun erlijioaz, orduan egin pausaldi bat futbolean, den-denak islatzen baititu. Beste edozein ispilu bezala, ez da errugabea inolaz ere, ezta horregatik erruduna ere. Lurrera jaurti eta txikitzea alukeri galanta litzateke…
…Joko honek hezkuntzarekin du zerikusia, auzoarekin, adiskidetasunarekin, maitasunarekin, bestearekiko konpromisoarekin, ahanzturari garaitzen dion oroimenarekin du zerikusia…
…Futbola herri baten kulturaren parte da, gastronomia, eskultura eta politika diren bezala. Bere hizkuntza propioa du. Bere antzezlari plantilla. Talde ekonomiko, politiko eta bestelako interesak dituztenen kate-begi bat gehiago da. Idoloak ekoizten ditu, espektakuloaren munduan protagonista ukaezina da, XXgarren mendeko fenomeno nagusienetariko bat…”
“…Futbola herritartasunaren azken gordelekua al da?... Sarritan gobernu-buruek, batez ere diktadoreek baina baita ustez demokratak direnek ere, futbola arazo larriak ezkutatzeko erabili izan dute. Kirola orokorrean baina futbola bereziki nortasuna artikulatzen duen mekanismo indartsua da… Futbola eta aberria batzen dituen panorama hau lelo bat besterik ez denean, orduan pasioa publizitateak maneiatzen duen osagai ezdeusa da, abertzaletasun komertzial bat da zeinak kiroltasuna fanatismoan transformatzen duen. Pasioa ez omen da erosten ezta saltzen ere, hori diote selekzio nazionalen jarraitzaile sutsuek, baina taldearen babesle ofizialek esaldi hori gezurtatu egiten dute egunero-egunero, nagusikeri osoz, behin eta berriz…”
“…Futbol zelaian denboraren ehuneko handi batean sistematikoki huts egiten da, ez da bilatzen den hori lortzen. Horregatik gola iristen denean benetan momentu zirraragarria da, apartekoa…”
Puntako ikuskizunez ari garela, barre pixka bat egin nahi duenak YouTube-n honako bideo hauei begiratu bat ematea dauka: “Maradona vs. Pelé – hablando de la selección también (El Rayo 1997)” eta “Sandro Guzmán, kiosquero y rasta”…
Askotan pentsatu izan dut musikariek zorte itzela dutela, hizkuntza unibertsal bat erabiltzeko gauza direlako. Gitarra batekin, tronpetarekin, txalapartarekin edo kantuarekin komunikatzeko gai izatea zinez miresten dudan zerbait da. Barruan dagoena atera, arrotza zena lagun bilakatu, berarekin maila abstraktu batean konektatzea eta momentu hori partekatu ahal izateari ederra deritzot benetan, melodiak merezi baldin badu behintzat… Nik futbolaren pentagraman nahiko nota baxua jotzen dut, baina hala ere musikariaren sentsazio hori sentitu nuen desertu erdian partida bat jokatzen ari nintzela, bai. Horregatik esan dezaket gauza handia dela futbola, handia… Boca edo River, zein nahiago dudan galdetzen zidatenean, nik San Lorenzo maite nuela erantzuten nien, baina Athletic maiteago, ja ja ja… Futbol profesionalaren esparruan ezjakin absolutua naizela dakitenek ere nirekin barre egingo dutela espero dut, ja ja ja…
Iruzkinak
2011-02-06 00:04 #1
<u>Me gustaria una traduccion al español puede ser? Muchas Gracias, aguante san lorenzo, desde argentina se los quiere muchoo!! Atte. Manu Vazquez. Viva la independencia de los pueblos y del ser humano! Y aguante san lorenzo!!</u>
Utzi iruzkina: