Ashpa sumaj, lur ederra... (Argentina X)
Buenos Aires hiriko autobus terminaletik arratsaldeko lauretan atera gara. Iparralderantz goaz, Santiago del Esteroko probintziarantz goaz, Loren eta biok. Han MoCaSE – Vía Campesina erakundeko lagunekin topo egitea espero dugu... Hamazortzi orduko bidaia astun bat eta gero, bigarren autobus bat hartu dugu, eta beste lau orduren buruan Quimilira iritsi gara, azkenean. Bertan, herriaren sarreran dagoen Nekazaritza Jasangarrirako Eskolara habiatu gara jarraian. Mocasek, Santiago del Esteroko Nekazarien Mugimenduak hogei urte bete ditu aurten, eta Quimiliko zentral hau mugimenduaren aitzindaria izan da hasieratik.
Nekazari txikiez osatutako komunitate hauen borroka latza eta korapilatsua izan da, baina antolakuntzak, konpromisoak eta giro alai batek beraien aldarrikapenak aise indartzen dituztela ulertu zuten. Burua harro altxatzen dute, eta lurraren esplotazio zanpatzailea bultzatuz aberasten diren enpresari eta politikarien aurrean ozenki oihukatzen dute. Produkzio sistema tradizionala eta elikadura-subiranotasuna aldarrikatzen dute, lurraren jabetza lurra lantzen dutenena dela aldarrikatzen dute, arbasoen bizimoduari eusteko eskubidea aldarrikatzen dute...
Burnizko hesiez inguratuta, soja transgenikoa ageri da lur eremu zabalak estaltzen. Alfonbra berde aspergarria, landare bat hurrengoari estu kolatuta, espaziorik apenas dago zurtoin baten eta bestearen artean... Hor enpresariak, latifundistak, sojeroak. Hemen lurra, landareak, animaliak, mendiko gizon eta emakumeak. Basoek iragazgaitzak dirudite, arantzez josiak, eta hala ere paraje zakar hauek egunero zeharkatzen dituzten indigenak badaude oraindik... Argentinar Estatu Nazionala 1900garren urte inguruan gorpuztu zen, milaka indigenen erahilketak eta jatorrizko kulturen edo kitxua bezalako hizkuntza zaharren ezabatze planak medio. 1898 eta 1903garren urteen artean Santiago del Esteroko gobernuak bertako basoen lau milioi hektarea saldu zituen.
Argentinako historian ezagutzen den lur-sail komunalen salmentarik handiena izan zen hura, eta noski, bertan bizi ziren komunitateei ez zieten inolaz ere eritzia eskatu. Era honetara sortu ziren lurjabe gizenak eta beraien ondasun gizenagoak... Gaur egun, probintziako nekazari txikien komunitate eta familia hauek mehatxatuak izaten ari dira. Beraien eta beraien arbasoen lurrak inguruko enpresarien eta atzerriko enpresen gutiziaren jomugan daude. Bertako bizilagunak erosle berrien esku geratu dira, azpiratuak, ukatuak...
Quimiliko zentralean Marga izeneko neskatxa batekin egin dugu topo, eta bere komunitatera gonbidatu gaitu asteburua pasatzera, hemendik ordu batera-edo… Rincón del Saladillo, indigenen lurraldea, matxinoen sorterria. Hogeita hamar familia inguruk osatzen dute komunitate hau. Oso jende apala da, oso baldintza gogorretan bizi dena, argindar eta ur korronterik gabe. Ahuntzak dituzte, behiak, zaldiak, astoak, txerriak… Oso ingurune basatian zailtzen dira, puma eta suge artean, armiarma erraldoiak daude han, baina flamenko liluragarriak ere, kolibri txiki ederrak, eta dortoka lasai askoak… Mailingo erromerian mirarien jaunari ezezik Che Guevarari ere abesten diote, fededunak dira borrokalariak bezainbeste…
Egun osoz labean erretako txahalaren buruak eman dio hasiera banketeari, jateko gozo-gozoa buru erre hori. Edateko ere nahi beste garagardo eta ardo dago hemen oraindik... Festa itzela prestatu dute Mailingo jauna omentzeko, eta guk gitarren eta akordeoien erritmora txakarerak eta txamameak dantzatuko ditugu sugarren eta txaloen berotasunak lagunduta... Inguruetako herrietatik jende piloa hurbildu da, eta futbol txapelketa zirraragarria antolatu dute denen artean. Ni herriko taldean jolastu naiz, eta umeek ezizen berri batez bataiatu naute, eukalito, jajajaja...
Zaila da hitz gutxitan asteburu hau eta beraien etxeko ateak erabat zabaldu dizkiguten lagun hauek deskribatzea, baina esperientzia zoragarri honetatik bi hitz gorde behar baditut ‘duintasuna’ eta ‘askatasuna’ dira.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: