Adiorik ez lagun, beti arte... (Argentina XXII, azkena)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-12-29 13:46
3

–Zure iragan denbora berpizteko bidaiatzen al duzu? –galdetu zion Kublai Jan Handiak Tartaroen Enperadoreak Marco Polori, merkatari eta esploratzaile veneziarrari. Galdera beste era honetara ere egin zitekeen: Zure etorkizuna topatzeko bidaiatzen al duzu?

22a

Eta Marcoren erantzuna: –Beste aldea ispilu negatibo bat da. Bidaiariak inoiz eskuratu eta eskuratuko ez duen guztiaz jabetzen denean soilik bereganatzen du berea den apur hori.

Hiri ikusezinak eleberrian Italo Calvinok mundu ezinezkoak eta ezin errealagoak asmatzen ditu. Liburu liluragarri honen irakurketa berri bakoitzean interpretazio berriak egin daitezke. Bere lumaren magiak ikuskizun dauden etorkizun posibleak marrazten ditu, edo behar bada inoiz jazo ez ziren iraganeko gertakariak gogoratzen ditu… Dena dela, hemen gure blogean antzeko zerbait esperimentatu dugu, gure neurrira egindako zerbait sortu dugu, fikzio sortzailearen eta konpromiso borrokalariaren arteko bidaia kilikagarri bat partekatu dugu…

Gaur hemendik herri handi eta eder hau agurtu nahi nuke, besoa jaso eta eskuaz ‘maite zaitut, eutsi gogor’ esan nahi diot herri zabal eta mestizo honi, hainbeste irakaspen eta itxaropen eman didan jende guztiari, algarak, gozamenak, solasaldiak, hainbeste oso gutxiren truke eman didaten lagun guztiei…

Buenos Aires, laztana, ezin ezetu dan-dana’. Hala ohartarazi zidan adiskide batek behin, eta egia da. Bizi oso bat beharko litzateke hemengo karrikak punta batetik bestera kurritzeko, hiria osorik goitik behera ikusteko... Gogor saiatuta ere ezin izozki-denda honetan zapore guztiak probatu, kafetegi hartara egunero birritan joanda ere erakusleihoko alfajoreak jateaz ezin nazkatu, sifoitik soda edateaz ezin nekatu, antzoki denak ezin bisitatu, edo arte-galeriak, edo bolitxeak, déjà-vu ez da existitzen hemen...

Hainbeste gauza  gelditu zait esan gabe… Asfaltoaren eta hormigoiaren erdian aurkitu ditudan baratzetaz hitz egitea gustatuko litzaidake, edo biziarteko kartzela-zigorra ezarri dieten errepresoreen aurpegi izutuak deskribatu nahiko nituzke, Che Un Hombre Nuevo dokumentalari buruz iritzi pare bat botatzea polita litzateke, edo urtaroen eta egutegien erlatibotasunaz galdera pare bat botatzea, zaldi basatiak otzantzen dituzten gautxoen adoreaz istorioren bat kontatzea faltatu izan zait, edo kalean kartoiak bilduz bizi direnen pasadizoren bat kontatzea, edo etorkinek dituzten beldurrez eta ardurez zerbait idaztea… Hainbeste gauza…

22b

Bidaiatzeak gogoa freskatzen dit. Argentinan eta orokorrean Latinoamerikan gaur egun usaintzen den giroak ilusioz eta indarrez bete nau... Begiak distiratsu, belarriak adi, mihia errespetuz blai, ahoa bete hortz, esku ahurrak zabalik… Hartu dudan bezainbat energia ematen ahalegindu naiz… Ez dut paparra puzteko asmorik, esan nahi dudana zera da, hemengo jendeak, paisaiek, kultura anitzek, azentu desberdinek, gizartearen dinamismoak eta beste hainbeste faktorek harrapatu egin nautela... Hazia botatzeko oso lur emankorrak topatu ditut hemen… Lur idorrak duintasunak berpizten dituela ikusi dut hemen… Borroka da bide bakarra…

Beti izan dut oso argi nondik natorren, eta nora noan egunero lantzen dudan zerbait da. Beste herrialde batzuk maitatzen ikasten dudan heinean gure harrizko herria maiteago dut. Ez da herrimina soilik, zehazki nor naizen galdegiten dudalarik euskarak nire bizitzan duen garrantziaz ohartzen naiz… Hitz jario honen ostean esan gabe doa oso pozik nagoela etxera bueltatzearren, ez bakarrik nire kulturarekin dudan loturagatik, zuek ere oso maite zaituztedalako baizik, familia, lagunak, nire unibertsoaren parte zareten denak…

Ozeanoaren alde amerikarrean geratzen zareten guztiok, familia, lagunak, bihotzean zaramaztet… Laster arte… Ez adiorik lagun eta beti arte...

Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean, zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz, ezkutukoa... ene baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten.

kepa

kepa 2010-12-29 14:24 #1

Aupa Txiki!!

Joe, amaitu da Chorizo de Lok@s proiektuen sormen fasea, ta egie esan pena aputxu bet emoten dozte, ze hain esperientzi barri, aberasgarri ta polite izin de! Baia bueno, egie esan, hau ez da guztiz akabau ondiño... esperientzi guzti honen traslaziño fisikoaz be pentsetan hasi behaku ez?? je, je... liburutxu polit baten batu zure testuok, maiteri be behar apurtxu bet emon, gaztetxeak publikau diela, ia laguntasunik behar dogun begitu (Zertu?), aurkezpen potentea in...buf! ikusten dozu, nire burue ni baño arinau dabil ondiño be, betiko moduen...

Ba horixe hi, ingojuk berba hona hatorrenean, bajekoazat gogoak higez tertulitxuen egoteko ta!! Benga Txiki, laster arte ta besarkada bat.

PD: tangorik ikisiok ala?

rupert

rupert 2010-12-29 14:26 #2

Txorizo de lokos mundiala izan da!!!

lucio

lucio 2010-12-30 13:29 #3

Eskerrik asko txiki zure bizipenak hemen kontetearren eta ongi etorri barriro be etxera!!!!!!!!!
Beste mundu bat posible(beharrezkoa) da!!!!!

Utzi iruzkina: