Jokaldiaren ostean
Atzoko partidaren emaitza gozoaren erresaka begizuloetan nabarmen duela, hementxe dugu gurekin denon ahotan dabilen Endika Lastegi jokalaria, azken aldiotako errebelazioa. Ez zen izan atzokoa errez ahazten diren horietakoa, ikus-entzule guztiak (bai jostazelaian, bai etxetikan ari zirenak) etengabe erne eta aiduru mantentzen dituenetakoa baizik. Bereziki eman behar dizkiogu eskerrak Lastegiri gure galderei erantzutea onartzeagatik, ia atseden hartzeko betarik ez baitu izan, bihar bertantxe errepidea lagun izango baitu berriro, hurrengo partida jokatzeko abiatua.
–Arratsalde on, Endika.
–Arratsaldeon, bai.
–Lehenengo eta behin, zorionak atzoko partida bikainagatik: eginahalak egin zenituzten, eta horrek bere fruituak eman zituen. Espero al zenuten halako emaitzarik?
–Eskerrik asko, Joseba. Bai, egia da, kamiseta izerditu genuen, ordea izerdi hori ez zen etekinik gabe geratu. Hori bai, esan beharra daukat talde-lana izan zela, ez dela nirea meritu osoa, ez nengoela ni bakarrik laukiaren gainean. Puntualizatu nahi dut hori, zeren eta egunkarietan eta irratietan gehiegi bezala goraipatzen ari baitira nire izena, eta hori ere ez da.
–Umila zara, gero! Begira ginen den-denak txundituta geratu baikinen zure jokaldi liluragarriarekin!
–Badakizu, batzuetan apustua egiten duzu alde batera edo bestera, eta gauzak zuk nahi bezala ateratzen dira: jokoan, suerteak badu zer esanik, eta nik esango nuke suerte apur bat ere euki genuela, bai, batzuetan zure alde, eta batzuetan zure kontra. Atzokoan, antza, alde jarri zitzaigun. Baina, berriz diot, talde-lana izan zen, ez nire kontu hutsa.
–Eta, nola otu zitzaizun hain jokaldi itxuraz arriskutsua egitea? Zer pasatu zitzaizun burutik une horietan? Seguru nago hau irakurtzen ari diren zure jarraitzaleek galdera horixe egin izan diotela sarritan beren buruari atzokotik honainoko tarte honetan.
–Ba bueno, dena ez zen suerte-suertea izan, hori ere esan beharra daukat. Egia esateko, partidaren aurretik jokaldia saiatuta edo entrenatuta geneukan taldean. Badakizu: “Honek hau egiten badu, zuk hau egin, eta nik beste hau egingo dut”, eta holakoak. Kamiseta izerditzeak badauka pre-izerditze luzea eta oso pentsatua, ordu askoko burutazioak eta paperaren gaineko eskemak eta holako gauzak, badakizu, hori guztia, bai.
–Orduan, atzokoa nolabait eginda zeneukaten aurretik…
–Egia esateko, ba bueno, bai, nolabait eginda geneukan. Hori bai, gero laukiaren gainean jartzen zara, eta hezur-haragizko kontrinkanteak hortxe daude, zuri begira, egiten dituzun mugimendu guziak behatzen, eta ez dute zure albotik ezta minutu bat ere alde egiten, eta, ba bueno, badakizu, jokoa jokoa da, eta bere gauzak ditu, eta inoiz ezin zara seguru-seguru egon paperean egindakoa berdin-berdin irtengo zaizunik, faktore asko daude inguruan, ez bakarrik kontrarioak –ez zait “etsaiak” edo “arerioak” esatea atsegin–, baizik eta publikoa ere, zure aldekoa eta zure kontrarioen aldekoa. Eta gero, ba bueno, badakizu, kontzentrazioa bera ere gutxituz joaten da partidak aurrera egin ahala, hasieran fresko-fresko jartzen zara horretara, baina gero, ba bueno, galtzen zoaz, eta indarrak neurtu egin behar dira.
–Baina, esaiguzu, mesedez, nola otu zitzaizun (aurretik paperean egina euki arren) hedabide ia orotan “jokaldi mirabilis” izendatutakoa burutzea? Nondik atera zenituen jokaldia definitzeko indarrak? Nola erresolbitu zenuen hain modu garbian? Ez al zenuen urduritasun pittin bat sentitu?
–Ba bueno, egia esateko, ba bai, apur bat bai, apur bat urduri jarri nintzela ezin ukatuko dizut, badakizu, zuzenekoaren gauzak, eta inguruan publikoa, eta kontrinkanteak begira, eta bueno, ba lehen kontatu dizkizudan faktoreak eta beste asko. Baina hantxe ikusi nuen taldekidea, nire parean, eta aurretik prestatutako keinua egin zidan, eta ez nuen abagunea eta aukera alferrik galdu, ondo aprobetxatu nuen, berehala konturatu nintzen zer zeukan lagunak gogoan, eta esku nintzenez, ba horixe, hogeita hamaikako harekin gurea zela partida, eta ordagoa bota nuen.
–Harrigarria!
–Ba bueno, bai, edo ez, ez dakit, badakizu, egia esateko, ba zera, musaren kontuak dira, badakizu: musa musa da, musa beti mus.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: