Marilou Onaindiari elkarrizketa
Marilou Onaindiak, Kern County Basque Club-eko Euskal Etxean egiten du lan idazkari bezala.
- Marilou, Euskal Etxea. Zer da?
Gure Euskal Etxea, 1944ean sortu zen bost gizonen eskutik: John Ansolabehere, Frank Maitia, Sr., Felix Etxeberri, Raymond Kastantxoa eta Inocencio Jaurena. Ikusten den bezala, Euskal Etxe guztiak euskaldunen bitartez sortutako erakundeak dira eta bertan, euskal nortasuna eta kultura bultzatzeko helburuarekin egiten da lan. Horretarako, ospakizunak antolatzen dira urtero.
- Nolakoa da zuen Euskal Etxea? Edonor izan al daiteke bertako kide?
Kern County Basque Club-ak bere interesak era egokienean beteko dituzten zuzendaria eta langileak aukeratzen ditu. 18 urtetik gorakoa den oro izan daiteke gure txokoaren kide eta euskal familia dutenek, zuzendari izateko aukera handiagoak dituzte. Hala ere, bi talde nagusitan bereizten ditugu kideak:
Ohorezko kideak: Talde hau beste hirutan banatzen da
· 80 urtetik gorakoak direnak eta euskal jatorriko familia dutenak
· 70 urteko pertsonak, eta 20 urte bitartean Euskal Etxeko kide izan direnak
· Euskal Etxearen eraikuntzan $5.000.000 edo gehiago eman dutenek, ohorezko kide izateko aukera izando dute
Kide erregularrak: 18 urte baina gehiago dituzten guztiak izan daitezke. Erakundeak ez du diskriminatuko bere kultura, jatorria, erlijioa edota sexuarengatik.
Bestalde, bozketak egiterako garaian, ohorezko kideek eta erregularrek, balio bera izango dute, hau da, kide bakoitzak boto bat ordezkatuko du.
- Zein ospakizun egiten dituzue eta zein da hauen helburua?
Urtero, ospakizun izugarriak egiten ditugu. Besteak beste, garrantzitsuenak hauek dira:
Euskal dantzak: Gure Euskal Etxea 5 talde edukitzeaz arduratzen da, eta normalean 100 dantzari inguru lortzen ditugu urtero. Dantzari hauek, umeak izan ohi dira, izan ere, erakundean dauden ume guztiak jarri ohi ditugu dantzan. Horrela, bost talde horiek hauek dira: Gure Oberenak (5-7 urte bitartekoak), Gure Izarrak (8-10 bitartekoak), Gure Biotzak (11-13), Dantzari Gazteak (14tik gorakoak) eta Xahar Arinak (guztietatik helduenak).
Pilota: Gure Euskal Etxeko “ezker pareta” edo frontoia, 1978an sortu zen, Gure Ametsa izenarekin. Urteoro, Azaroa inguruan, esku-pilotako eta pala txapelketak antolatzen ditugu eta Martxoa eta Apirila artean, finalak jokatzen dira. Final horietan garaile ateratzen direnak, NABO-k antolaturiko txapelketa garrantzitsura sailkatzen dira.
Mus: Urtarrilero egiten dugu mus txapelketa. Bertan, 42 partaide inguru ematen dute izena eta garaile ateratzen direnak, NABO-k
antolaturiko beste final batera joaten dira. Azkenik, NABO-ko irabazleak, Munduko Mus Txapelketara joaten dira.
Kantariak: Gizonezko eta emakumezkoak aurkitu ditzakezue gure Euskal Etxean. Beraien lana, bazkari, askari edota afarietan mahai inguruetan jartzea eta abesti euskaldunekin girotzea.
- Kaliforniako estatuak Euskal Etxearen garapenean laguntzen al du? Nola?
Gobernuek beti eman izan digute ongietorria etnia desberdineko kideei. Hala ere, gaur egun, ez dugu nolabaiteko laguntza ekonomikorik gobernuaren partetik. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak $60.000-ko laguntza eman zigun lehengo urtean eta diru hau parking-eko lurrak asfaltatzeko erabili genuen.
- Euskal Etxeek gizarte amerikarrean integratzeko laguntzen al dute edo “ghetto” bilakatzeko arriskua al dago?
Euskaldunok ez dugu behar izan inolako erakunderik amerikarren gizartean txertatzeko. Izan ere, amerikarren aukerekin oso erraza izan da. Etortzerakoan etorkinak ginenez, beraien lana, euren hizkuntza, kultura edo tradizioak guri irakastea izan zen. Horretaz gain, euskaldunok katolikoak garenez, horrek ere asko lagundu zuen gure gizarteratzean.
- Nola ikusten duzu etorkizuna? Eta generazio berriak? Ideia berdinekin jarraitzeko asmoa al dute?
Gaur egun 850 kide gara Euskal Etxean eta modu motelean bada ere, zifra hori goraka doa urteak aurrera egin ahala. Horrekin batera, ospakizunak ere aurrera jarraitzen dute eta geroz eta gehiago antolatzen ditugu.
Azkenik, esan behar da Euskal Etxe guztiak laguntzen garela bata besteari euskal kultura inoiz itzali ez dadin!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: