Geldiezinezko eztabaida
Espainiako Gobernua eta PSOE ETAren su-etenaren egiaztatzeari begira jarrita badaude ere, prozesuaren denborak markatu nahian, eta EAJk bakea eta normalizazio politikoa bereiztearen alde egin arren, dagoeneko estatus politikoari buruzko eztabaida pil-pilean dago. Espainiako gobernuburu Zapaterok Barne Ministerioaren hirugarren txostena jaso du. Perez Rubalcaba ministroak oinarri sendoak daudela esan du, Sarkozy ministro frantziarrarekin bildu ondoren. Su-etenari buruz Espainiako Kongresuan Zapaterok egin nahi duen eztabaida atzeratu beharra du, ziurrenik Kataluniako Estatutuari buruzko erreferenduma (ekainak 18) pasatu arte. Bitartean eztabaida politikoa geldiezina da, Nafarroari buruzko eztabaidak hartu duen tamainak erakusten duenez.
UPNk, PPk eta CDNk agerian utzi dute azkenaldian urduri daudela eta bidean oztopoak jartzeari lehentasuna eman diotela. Datozen foru hauteskundeetako eztabaida pozoitu nahi dute lehenbailehen, egoera berriak Foru Erkidegoko gizartean ikuspegi malguagoak ekarri baino lehen. Aurreko su-etenaren esperientzia hor dago. 1998ko su-etenean, Espainiako Gobernuan PP zegoen, eta Nafarroakoan UPN, PSNren sostenguarekin. Su-etena izan eta berehala UPNk eta PSNk bat egin zuten, eta Juan Jose Lizarbek Nafarroaren estatusa ez zela aldatuko ziurtatu zuen. Baina denboraren poderioz jarrerak eta ikuspegiak aldatu ziren. Lizarra-Garaziko Akordioa ez nazionalistak baztertzeko egina zela estereotipo bihurtu arren, errealitatea bestelakoa izan zen. 1999ko ekaineko udal eta foru hauteskundeei begira, alderdi abertzaleen eta alderdi sozialistaren arteko hitzarmena egiteko aukera aztertu zen. Lau lurralde, lau alderdi izeneko planteamendua zen, Hego Euskal Herri osorako planteamendua.
Aukera horren inguruan Xabier Arzalluz EAJko EBBko orduko lehendakariak eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko batzorde eragileko bozeramaileak hitz egin zuten. Eta Arzalluzek uste zuen baiezkoa bazuela, «matematikoki posible bazen». Baina hauteskundeen ondoren, alderdi sozialista ez zen ausartu jarrera aldatzen, eta Nafarroan UPNri eta Araban PPri gobernura iristen utzi zien. Huts egindako saio horretatik dator Xabier Arzalluzek gustuko duen honako esamolde hau: «Alderdi sozialistaren hitza jogurta baino lehenago iraungitzen da». UPNk, CDNk eta PPk badakite oraingoan askoz errazagoa izango dela alderdi sozialistaren jarrera aldatzea; besteak beste, Nafarroa Garaian ziklo aldaketaren beharra indartu delako. Bestalde, batzuek eta besteek nafarrek etorkizuna erabaki behar dutela diotenean Nafarroa Behereko nafarrak kontuan hartzen al dituzte?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: