Torlojugintzaz
Gaur, Baga, biga, bloga!-ko
irakurle maiteok, torlojugintzaz arituko gara. Ulertzaile onari, hitz gutxi.
Gure lantegian torlojuak egiten ditugu. Langile apur batzuek goizetik eguerdira lan egiten dute, beste batzuek arratsaldetik gauera eta gehienak goiz eta arratsalde ari dira, gaueko bederatzi eta erdiak arte. Berriki jakin dugu gure langintzarako oso aberasgarria izan daitekeen mahai ingurua antolatu duela arloko beste enpresa batek, izenburua hauxe: "Nola egin torlojuak? Torlojugintza XXI. mendean" eta bertan landuko diren gaiak: Nola egiten dira torlojuak gaur egun? Nola eta non egingo dira torlojuak? Norantz doaz metodologiak eta tresnak? Zer eskatuko du bezeroak?; hizlariak ere apartekoak, torlojugintzarako teknologia eta metodologia berrietan adituetan adituenak.
Joan egin behar duela pentsatu du egun horretan goizeko txandan dabilen langile batek eta mahai ingurua arratsaldeko zazpietan denez, arazorik ez: bere aisialdiari ordu batzuk kendu eta 130 kilometro egingo ditu joan etorrian, erregaia, autobidea eta aparkalekua bere poltsikotik ordainduz.
Arratsaldeko txandako lankide bati esan dio eta, interesa adierazi duenez, zera pentsatu dute: nagusiari baimena eskatuko diote, beti ere lanpostuan beste lankide bat egongo dela ziurtatuta: torlojuak egin egingo dira, berdin-berdin.
Baina, hara non, sekula torloju bakar bat
ere egin ez duen nagusiaren erantzuna ezezkoa izan da. Eta arrazoia (sic),
zera: "Hori ez da formazioa, ez da garrantzitsua, ez dauka zerikusirik
zuen lanarekin".
Eta horrela bizitzen gera, galduz ta galduz gure aukerak, atsedenik hartu gabe.
Atsedenik hartu gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: