Post scriptum
Gepardoaren dokumentala duela ia urtebete ikusi nuen lanera joan aurreko bazkaloste sargoritsu batean eta, askotan bezala, bolada batean buruan erabili nituen egun hartako irudiak. Halako egun batean –testu editoreak esaten dit iazko ekainaren hamarrean izan zela- mezua idatzi nuen arte. Ez dakit zergatik ez nuen jarraian publikatu, agian ez zitzaidan gustatuko eta borobildu artean hor lagako nuen, k@joian. Lehengo egunean ere ez nengoen oso ziur, galdera gehiegi baitzituen testuak eta erantzun gutxi, baina sareratu egin nuen.
Traperoaren erantzun beti bezain mamitsuak ohartarazi dit baietz, behar zuela idatzitakoak buelta pare bat gehiago, galdera merke samarra delako, adibidez: “Sentitu du?”
Kumeak kendu dizkioten katama bezala ibiliko zen gepardoa ere, alde batetik bestera, behin eta berriro kumeak zeuden lekura joan, eta berriz itzuli; joan eta berriz itzuli... bukle horretatik ezin irten, nola ibiltzen garen gizakiok ere bat-bateko heriotzaren aurrean, behin eta berriz errepikatuz: “Baina, nola liteke?”
Kasualitateak ere badira eta egun hauetan eskura etorri zait apalategiaren azken zokoan zetzan Juan Carlos Perezen “Atlantic River” aspaldiko diska. Bertan, ETRE abestian, hara zer dioen:
Txori txiki bathotzak hilda eroriko da adarretik
bere buruaren errukirik
behin ere sentitu barik, sentitu gabe...
Bere burua erruki duen
gauza basatirik
ez dut behin ere ikusi, behin ere ikusi...
Jakina,
hau ez da heriotzaz esan daitekeen guztia, heriotzaz dena esan baitaiteke. Edo
ezer ez. Nondik begiratzen den.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: