Politika fikzioa
Jozulinek egingo dizue egoeraren analisi fina eta, geroa ikusteko makiñie badaukanez, zer gertatuko den ere jakingo duzue. Adi:
Raxoirenak egin du? Hipotesi bi:
1.-
Ez. PPk, eta hau guztia sostengatzen duen sistemak, eutsi egingo diote
oraingo enbatari. Nola edo hala gai izango dira oraingo atakatik erdi
onik ateratzeko. Oraingoz.
2.-
Bai. Gerta liteke orain arte argitaratutakoa izotzmendiaren goiko
muturra (*) baino ez izatea. Eman
dezagun El Mundo-k eta El País-ek gordeta izatea, hor nonbait, diru
beltzarena froga lezaketen agiri gehiago.
Baliteke,
halaber, iritzi publikoa orain baino are gehiago asaldatzea, ez da
zaila. Kasu horretan sistemak Raxoiren burua -eta PPrena berarena ere-
behar luke sakrifikatu bere burua -sistemarena- (**) salbatze aldera.
Sistema diodanean, zer esan nahi dut? Norekin du Espainiak zorra? Nori ordaindu behar dio mailegua? Ba, horrexek berak egingo ditu ahalegin guztiak aldatu behar dena aldatzeko. Beti ere ezer ere aldatu ez dadin, jakina.
Beraz, zer gertatuko da?
Lehen kasuan Raxoik jarraituko luke Gobernuan, aldaketaren bat eta epaitegirako bisita sonaturen bat medio. Urtebete-edo barru, hauteskundeak eta sistemaren barneko beste alderdiak -PSOEk- hartuko luke mailegua ordaindu ahal izateko murrizketak ezartzeko ardura.
Baina ez dut uste. El País-eko agiriak -atera direnak eta ager litezkeenak- argiegiak dira. Gainera, prentsaurrekoa monitore bidez egin izanak erakusten du ezerk baino gehiago PP ze ahul dagoen oraintxe bertan.
Orduan, zer?
Espainiak hartzekodunak dauzka eta agian beldur dira ez ote den iritzi publikoa, hauteslegoa, ezkerrera lerratuko egoera gehiago okertzen bada. Indar hauek behartuko dute Espainia nolabaiteko aurpegi zuriketa batera: ikusiko ditugu dimisioak, ikusiko ditugu gurutziltzaketa mediatikoak eta agian gartzelaratze oso sonatuak eta lotsatsarazte publikoak ere bai.
Hori dena ikusiko dugu salbatzailea aurkezten diguten arte. Salbatzaileak hartuko du gidaritza. Berak eta bere teknokrata talde aseptikoak. Esango digute oooooso gaizki dagoela dena, baina eskerrak eurak heldu diren dena garbitzera. Eta zoritxarrez eta tamalez murrizketak egiten jarraitu behar dutela, ez dagoela erremediorik, zer egingo zaio. Eta mundu guztiak -bueno, sistemari botoa ematen diotenak, nik ez- den-dena sinestu eta 'cest fini mon ami'.
Eta horrela izago da dena. Ikusiko duzue.
(*) Izotzmendia!! Ze irudi geza eta indargea, ezta?
(**) Zenbat buru, ez?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: