Negozio alternatiboak
Euskal Herrian negozioa egin daiteke. Oso argi
daukate hori, adibidez Volkswagen-en, hemen saltzen baitituzte California,
Caravelle eta Multivan gehienak. Halaber, Boiron laborategikoek ere pozarren
egon behar lukete Euskal Herri alternatibo honetan saltzen den botika
homeopatiko kopuruarekin. Beno, bi enpresok ez dira guztiz konforme egongo
beren irabaziekin, jakina baita enpresei inoiz ez zaiela iruditzen nahikoa
irabazten dutela, baina hau beste upel bateko ardoa da; gaurkoan esan nahi
nizuen ez naizela homeopatiaz fio; tira, ez, horretaz ere hitzegingo dugu
aurreragoko mezuren batean. Gaur hitzegin nahi nizuen harriduraz, nola oraindik
ere harritzen naizen Euskal Herri alternatibo honetan. Irakurri berri dut,
begiak zabal-zabalik, Argia aldizkariaren azaleko izenburu nagusia:
“Nekazaritza homeodinamikoa“. Adios! pentsatu dut, honaino ere heldu dira.
Irakurri dudanetik ados egon naiteke ortu
hori, dioten moduan, paseatzeko gune
ezin hobea izan daitekeela, etxabereak jarri eta beren gorotz konpostatuekin
ongarritzea egokia dela, lurrak atsedena behar duela eta “kultiboak
txandakatuz, lurrari deskantsua ematen” diotela, “eta era berean, landare mota
bakoitzak propietate bat ematen diola lurrari”. Honekin ere ados: “...lurra
akabatzen ari gara, eta hori nekazariek badakite. Gero eta abono eta pestizida
gehiago bota behar dituzte”. Nola ez naiz, ba, ados egongo?. Belea “txori zikin
edo gradu baxuenekoa” dela ere onartuko nuke, ezinbestean bada ere. Eta nola ez
onartu, bestalde, “txori abeslariak, giroa gehiago armonizatzen dutenak,”
ederrak direla.
Baina ezin naiz bat etorri, 2006an, Erdi
Arotik hain urrun, honako baieztapenekin:
- “...leguminosak (ilar, babarrun...) zodiakoko Cancer-ekin daude lotuta. Ilargi edo eguzkia Cancer-en dagoenean leguminosekin laboreren bat eginez gero, indartsuago etorriko dira”.
- “Zodiakoko gune bakoitzak indar mota bat du.”
- “...eurek nekazaritzan prestakin homeopatikoak erabiltzen dituztela azaldu digu, eta botika homeopatiko denak bezala, sustantzien indarrak uretan dinamizatuz lortzen direla.”
- “Hazitik datorren landareak kosmosarekin harreman zuzena du.”
“Nekazaritza arruntean botika kimikoak saldu daitezen atzean interes industrial handiak daudela” ere irakur daiteke elkarrizketan eta egia borobila da, jakina.
Eta nik esango banu: “Botika homeopatikoak saldu daitezen, atzean interes industrial handiak daude”, ez litzateke egia izango? “Furgo” superguaia eta botika meganaturala saltzen dizkigutenak ere dirua irabazteko daudela, alegia. Eta zenbat eta gehiago, hobeto; egiaren gainetik ere.
P:S.: Portzierto, bidenabar eta dohainik, biziki
gomendatzen dizuet liburu hau irakurtzea.
Iruzkinak
jonas 2006-11-18 17:48 #1
Neure azkenengo txatalean azeriren batek ondoriozta zezakeen bejetarianoa naizela. eta horrelaxe da da, mediku naturistaz jositako familia batean hazi bainaiz baina erabat konforme nago diozun guztiarekin, modan dagoen guztitik patrikak betetzen dakien jendea dago. Furgoguaiarekin batera, zelan gustetan jakun zazpi milloko trastea hartu eta pobre plantak egitea, medizina alternatiboa ere guai da.
Morauren harako kantua erreskatatu behar dut, dena guai zela zioen hura...
patxi lurra 2006-11-21 10:41 #2

Mediku "konbentzionaloi " farmazia-industriaren negozioa laguntzea leporatzen deuskuenean arrazoi osoa deukie be bai, hola dalako. Baina medikuntza alternatiboaren izenean egitea, zeozer garbi eta orbanbakoa izango balitz legez, hipokrita da, hura be negozioa baita.

Aparte, beste behin be gizarte dualista eta manikeo honetan kaleko jenteak erabaki behar dau medikuntza arrunt edo alternatiboagaz bat egiten dauan, eta holan talde gogortuak sortu dira, alkarregaz mesfidati eta oldarkor. Jakin barik bateragarriak garela konbentzionalok akupunturista, osteopata, homeopata eta abarregaz eta eurak geugaz.

Ayatollah arrunt eta alternatibo larregi medikuntza arloan be bai.

Amen.

Utzi iruzkina: