Maitasun istorio bi, benetakoak, eta konstatazio harrigarri bat (II)

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2007-05-18 17:49


Bi:


Imanol deituko diogu. Gerraoste beltzenean hasi zen noizean behin Doloresekin gelditzen. Negu gorri hartan zenbat aldiz ez ote zituzten txokolatea eta txurroak meriendatu Bilboko kafetegien epelean, Patxi eta  Marisabelekin udako igandeetarako planak egiten zituzten bitartean: A zelako dantzaldiak botako zituzten herriko plazan eguraldiak epeldu orduko...

Doloresen ama argia izan zen oso: -Imanol hori gizon on-ona duzu, baina lar sartuta dabil “politikan”. Ez zaizu komeni, arazoak ekarriko dizkizu. Utzi.

Eta utzi egin zuten, jakina.

Imanolek laster egin behar izan zuen ihes. Iparraldera lehenengo eta Brussela eta Ameriketara gero. Gaztea zen Dolores eta laster ahaztu zuen Imanol. Handik urte batzuetara Julianekin ezkondu zen Dolores eta elkarrekin zoriontsu mende erdia betetzear zeudela, neguak beste iraun zuen gaixoaldi baten ostean, alargundu egin zen. Horretara ere ohitu zen, derrigor.

Atzo, Gasteizen bizi zen Patxiren eskela irakurri zuen egunkarian eta, garai zaharrak -eta txokolatea txurroekin- gogoan, semeari eskatu zion eraman zezala Gasteizera elizkizunetara, Marisabel agurtu nahi zuela-eta.

Semearen besotik -bestela ezin ibili-  atera da elizatik eta urrunetik ikusita, aspaldiko Imanol etorri zaio agurtzera, hunkituta. Besarkada beroa eman eta esan dio: -Dolores! Zenbat urte! Bere azken urteetako ibilerak kontatu dizkio Imanolek Doloresi eskuetatik estu heltzen ari zitzaiola. Halako batean, ordea, begietara zuzen begiratu eta esan dio: -Ez zait egun bat pasatu zurekin gogoratu barik, nire bizitzako egun guzti-guztietan eduki zaitut gomutan.

Semeak, amaren besotik, dena entzun du. Harri eta zur.




Utzi iruzkina: