Inuzenteak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2006-12-28 15:55
1

 

Gabonetako izpirituak eragindakoa duzue honen aurreko mezua, dudarik gabe. Mezua gehitu botoiari sakatu ahala pentsatu nuen: Ba al da Gabonak zoriontzea baino gauza melengagorik? Maite dituzunei urte berrirako onena desiatzea tira, baina hortik aurrera... Gaurko egunarekin ere antzera gertatzen zait. Iaz tontakeria eskas bat erditu nuen, baina gaurkoan –aldarte traszendentalagoagatik edo-  ez daukat gorputza halakoetarako. Izan ere inuzenteak asko dira, pentsatzen jarrita: Inuzenteak Gabon gaueko mahaian aurten aulki huts bat jarri behar izan dutenak eta are inuzenteagoak aulki bat gutxiago jarri behar izan dutenak; inuzenteak Gabon gauean hospital penitenciario bateko oheari uhalez lotuta eta zunda nasogastrikoz sudurretatik afaltzera behartuak izan direnak...

Munduan den beste zorigaitz, hainbeste inuzente aurkituko ditugu bilatuz gero, eta gaur, zer nahi duzue, horiexek etorri zaizkit gogora. Eta inuzenterik handienak gu denok, Lur deitzen dugun harri zati honen azalean noraezean, zertarako ere jakin gabe bila eta bila gabiltzan gixajuok. Inozenteenak gu guztiok, ikusten dugularik ingurukoak badoazela sekula itzuliko ez diren lurraldera eta ez zaigula geratzen besterik izuak gogortuta gure txanda itxarotea baino.

Dena dela ere: Urte berri on-ona izan dezazuela, bihotzez!

 

 

jonas

jonas 2006-12-28 23:42 #1

Halantxe da, halantxe da... Geure bizitza da inuxentekeriarik handiena, baina ez ete zara transzendentalegi jarri? Dana dala, Jozulin, beti egiten dozu neuri egitea gustatuko litzakidan txatala. Ez dakit zenbat denbora daroazun blogaritzan baina ni neu 2006ko ohekadakoa naz eta aurrez egoazanetatik <em>Baga, biga, bloga</em> da gehien maite dodana: halandaze ZORIONAK txoko honegatik eta URTE BARRI ONA izan zeuk be.


Utzi iruzkina: