Infernuan zeru, zeruan infernu
Dolce far niente-aren zalea zara? Ezer ere egin gabe egoteko gai, zeure pentsamenduetan galduta? Ez erantzun hain azkar, itxaron apur batean.
Gela batean sartuko zaituzte, inolako estimulurik ez daukan gela isil batean, eta hamabost minutuz eserita, ezer egin gabe, bertan egoteko esango dizute. Ez musikarik, ez irakurketarik, ez ezer; zu eta zeure burua, zure gogoa eta zure gogoetak.
Harward eta Virginiako unibertsitateetan egin zuten esperimentua, eta Science aldizkarian argitaratu: 531 gizon-emakume 18tik 77 urte bitartekoak hartu eta gela batean hamabost minutuz, lehen aipatutako baldintzetan, egotera behartu.
Parte hartu zuten gehienek esperientzia ez atsegin moduan deskribatu zuten bizitakoa. Gauza bera gertatu zen esperimentua beren etxeetan bertan egiteko aukera eman zitzaienean. Are gehiago, gizonezkoen%67k eta emakumezkoen %25ek nahiago izan zuten deskarga elektriko bat jasan gelatik arinago irtetearren.
Nahiago kalanbrea, mina, nor bere gogoan -tarte labur batez baino ez- murgiltzea baino.
Poetak esana da: “Gogoa bere baitan bizi da, eta bere baitan infernua zeru bilakatu dezake, eta zerua infernu”.
Badut lagun bat eguneroko dutxan, behin ohiko garbiketa lanak amaituta, burua makurtu eta ur beroaren txorrotaren azpian hogei minutu inguru ematen dituena, begiak itxita, gogoa alderrai.
Eta zuek, fronemofoboak ala fronemofiloak zarete?
________________________________________
Honetaz, beste ikuspuntu batetik baina, hitz egin dugu gaur Amaraunan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: