Iktiomantzia
Nire aspaldiko lagun Logika Aplastante-rekin jardun dut berbaz ea hauteskunde osteko mataza askatzen laguntzen didan. Hona transkripzioa (pare bat zuzenketa -ergatibo bat eta plural bat- egin ostean):
JOZULIN: Orduan, Garitano Ahaldun nagusi...
LOGIKA APLASTANTE: Bai.
J: Utziko diote, ala?
L A: Beste erremediorik ez. Gainerakoetan zerrenda bozkatuena errespetatzen bada, hor ere. EAJk emango dio bidea.
J: EAJ aipatzen duzula, zein aldetara egingo du penduluak? Itunak egiteko orduan Bildu lehenetsiko du, hartara udaletan gehiengo abertzalea ahalbidetuz?
L A: Ez.
J: ¿...?
L A: Ezetz.
J: Zehatzagoa izan ahal zara, mesedez? Ez dut ulertzen zergatik ez.
L A: EAJk PSErekin lehenetsiko ditu itunak EAJk baduelako PSE eta PSOEri zer eskaini, hots, Espainiako parlamentuan dituen botuak -urrea balio dutenak aspaldion- eta, garrantzitsua dena, Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen ostean, koalizio gobernua osatzeko eskaintza.
J: Demagun baietz; dena dela, horrek prezioa izango du, ezta?
L A: Jakina, Legebiltzarrerako hauteskunde horiek aurreratzea. Urtebete baino lehen behar lukete.
J: Eta aipatzen dituzun hauteskunde aurreratu horietan, nortzuk ikusten dituzu lehian?
L A: Honetarako, ohi bezala lasun baten erraietan kuxkuxeatzen ibili naiz eta hona hemen atera dena: EAJk Ibarretxe aukeratuko du, edo bestela emakume bat; PSEk Ramón Jauregi eta Bilduk -agian ordurako beste izen bat jarri diote- Arnaldo Otegi. Eta gehiago ere esango dizut: lasunaren tripetan aukera handiak ikusi dizkiot Elgoibarkoari, egin kontu.
J: Eskerrik asko, Logika Aplastante, esan dituzun hitz zentzuzkoengatik.
L A: Eskerrik batere ez, 150 € dira, faktura barik. Bestela, 175 €. Eh! Nora zoaz korrika?!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: