Idazlea
73 urte ditu. Beltzez dago jantzita
goitik behera. Idazten duena esaten ez duena bezain ondo ordaintzen diote baina
ez dirudi aberatsa, ez horixe. Mediterraneoaren itsasertzeko herrixka baten
bizi da; zein den ez esateko eskatu dit. Munduan ez da istorio asmatzaile
hoberik, nahiz eta duela 40 urte bezero bakarra duen. "Haiek" edo
"Gizonak" deitzen die berak.
Beheko suaren aurrean aitortu dit berak asmatu
dituela 2000 efektua, behi eroen gaitza, hegaztien gripea, Al Qaeda eta egungo
ekonomiaren krisia. Bere eskutik atera dira -ez dauka ordenadorerik- gaurko
beldurrik onenak.
J: Zer dela eta hasi zinen Haientzat lanean?
I: Begira, nik idatzi nuen eleberri bat...
eleberri txar bat 70eko hamarkada inguruan. Ez dizut esango zein herrialdetan
argitaratu zen. Eta ia inork ez zuen erosi. Baina erosle apur horien artean
pertsona egokia zegoen.
J: Zeri buruzkoa zen nobela?
I: Distopia bat zen. Elite batek mundua
kontrolatzen du medioen laguntzaz barra-barra banatzen dituen asmatutako
gezurren bitartez.
Idazlek ez du telefonorik ezta Internetik ere,
tona bat liburu eta ardi txakur alsaziar bat baino ez ditu lagun.
J: Zelan jartzen zara haiekin kontaktuan?
I: Ez naiz jartzen; ezin izango nuke. Ez dakit
nortzuk diren ere. Tarteka, bizpahiru urtez behin, aurkitzen dut neure
idazmahaiaren gainean halako txosten bat, "Beharrizanak eta
helburuak" deitzen diote. Nik beharrizan eta helburu horiei egokitzen den
istorio bat asmatzen dut eta, prest daukadanean, idazmahaian uzten dut. Halako
goiz batez, ohetik altxatutakoan, ez dago. Horren sinplea da.
J: Hemen isolatuta bizi zara, nola dakizu zure
istorioak benetako bihurtzen direla?
I: Irratia badut, eta auzoko gutxi batzuk ere. Ez
dago guztiz isolatuta egoterik.
J: Ez duzu damurik egiten duzunaz? Zeuri esker
ezkutuko sistema faxista bat ari da hedatzen mundu osoan.
I: Tira, neuk egingo ez banu, besteren batek
egingo zuen. Nik egiten dudanean behintzat ez da jende askorik hiltzen.
J: Irailaren 11koa zeuk idatzi zenuen?
I: Ez zehatz mehatz. Nik idatzitako bertsioan
hegazkin bakar batek egiten zuen talka Pentagonoaren kontra eta horrek ekarri
behar zituen, besteak beste, urrearen prezioaren igoera, Irak eta Afghanistanen
inbasioak eta Patriot Act-a onartzea. Txostenean horrela zegoen adierazita.
Agian nire proposamena ez zitzaien ikusgarria iruditu, ez dakit, baina dorre bikiena
ez zen nire kontua izan. Neure iritziz I-11koa ikaragarri erredundantea eta,
zentzu batean, baita alferrikakoa ere izan zen. Pentagonokoa nahikoa izango
zen. Jende gehiegi hil zen estetika hutsagatik. Ez zen beharrezkoa.
J: Nola bururatu zitzaizun mundu mailako krisi
ekonomikoarena?
I: Istorio hau zaharra da, sei zazpi urte izango
ditu jada. Uste nuen ez zirela ausartuko istorio hau abian jartzera baina duela
urte bat eta erdi-edo ekonomiaren inguruko irrati tertulia bat ari nintzen
entzuten eta solaskideetako batek "subprime" hipoteketan nolabaiteko
arriskua egon zitekeela aipatu zuen. "Bagoaz!" esan nuen neure
artean.
J: Zein izango da hurrengo krisia?
I: Ezin dizut esan. Baina arretaz entzuten baduzu,
entzun daitezke dagoeneko lehenengo marmarrak. Urteak geratzen dira oraindik
benetan hasteko, agian hiru, bost edo hamar urte.
J: Arrastoren bat?
I: Hitz bakar bat esango dizut: Internet. Nire
azken istorioa da eta nire uste apalean, onena. Ez dut berriro lan egin nahi,
ez eurentzat ezta inorentzat ere. Zaharregia naiz eta liburu asko dauzkat
oraindik irakurtzeko.
J: Aurreratu ahal didazu nola bukatuko den krisi
ekonomikoa?
I: Ez, baina inork ere ez du asmatuko. Haiek baino
ez, jakina. 2000 urteko efektuaren amaiera ustel gertatu zen, ez zuen jendea
komentzitu eta eskatu zidaten -haiek- amaierak gehiago landu nitzala. Ziur esan
diezazuket Historiak ez duela krisi honen amaiera ahaztuko. Hitz ematen dizut.
Eta hitz hauen oihartzunarekin utzi dut bere
etxean. Joan baino lehen, ordea, galdetu egin diot, jakinmin hutsez, ze liburu
ari den irakurtzen. Erantzun dit:
- Machiavelli-ren "Printzea", hogei bat
aldiz irakurriko nuen, eta gero eta barre gehiago egiten dut.
Eta beheko suari eragin dio.
Honezkero konturatu zara hau ez dela Jozulinen
testu bat. Asmatu duzu. Mimesacojea-n argitaratu zuen Jose
Antonio PĆ©rez-ek aspalditxo. Hozkailuan eduki dut ordudanik, noiz hartuko ote
nuen itzultzeko betarik. Duela gutxi egin nuen eta berton argitaratzeko baimena
eskatu Joseri, baita berak gustura eman ere. Eskerrik asko, Jose.
Ez ahaztu, bisita ezazue mimesacojea, buruari
eragiten laguntzen du-eta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: