Hozkailukoak (II): Zenbat gera?
Ezagutu duzue Jozulin
blogari guaya,
orain sensiblea,
beti atsegina.
Ez duzue ezagutzen Josu
lagunekiko beharbada ez-leiala,
bizikideekiko akaso zakarra,
lankideekiko agian berekoia...
Zenbat Jozulin daude?
Josu beste?
Berdinak al dira?
Zenbat ni naiz ni?
Zenbat zu zara zu?
Zenbat gu
gara gu
geure baitan?
Post Scriptum: Izozkailuan (*) zegoen goiko hori, dilistaz betetako
tupper bat eta barazki purea edo agian konpota ezkutatzen zuen beste baten
artean. Eta honako esaldia zeukan lagun: "Aurrekoan Amaraunean honen
harira, eta Benitoren aholkuei jarraituz." Baina, zer diren gauzak, ez
dut gogoan zer demontre esan nahi duten hitz kriptiko horiek, zertaz jardun
genuen egun hartan Amaraunean eta ze aholku emango zidan Benitok.
Dena dela, honen ostean, blogetan -eta gainerako sare sozialetan- ematen dugun
irudiaz piztu zitzaidan berriro kezka: Ze pertzepzio duen gutaz jendeak gure
blogekoak bakarrik irakurrita; ze, klaro, blogean denok gara azkarragoak,
jatorragoak... guayagoak aurrez-aurre baino.
Eta, jakina, aurrekoaren adibide esajeratuena telebistarako elkarrizketa
editatua -maisuki editatua, bidenabar- da. Eta Nickdutnik-eko saioa ikusita suposatu
zenezaketenaz bestera, Josu hau hor agertzen den Jozulin hori baino izaki
dexente ganorabakoagoa da. Baiki.
(*) Bloga duzuenok jakingo duzue zer den izozkailua: idazten duzu zerbait
eta hor geratzen da karpeta batean zirriborratuta, hasita, borobildu gabe. Edo
momentua pasatu zaiola deritzozu bat-batean. Hozkailua deitzen diot nik karpeta
horri.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: