Heltzeaz

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2015-02-03 18:02

Bazen, nerabea nintzela, entziklopedia bat etxean, “de la vida animal” edo halako zerbait. Internetik ezean, tarteka, sarri komunean, liburukietako bat hartu, ausaz letra bat aukeratu eta hango piztien bizitzaz irakurtzen nuen. Lehen liburukiko lehen animalia Ajolote izeneko anfibio bitxia zen, metamorfosia jasan barik, bizitza osoan kume ezaugarriak gordetzen dituena. Neotenia deitzen da hau.

Etologian ere erabiltzen den hitza da neotenia. Txakurren kasuan, Konrad Lorenzek milaka urtez etxekotu eta hezteak ekarri duen ondorioa dela uste du. Hazkuntza selektiboa erabiliz, gizakiak txakurrari kume izaera eta itxura ematen zizkioten ezaugarriak hautatuz lortu dira gaur egungo txakurrak. Bitxia da nola kume traza handiagoa -adibidez, mutur laburragoa- duten arrazak, Boxerra kasu, jostariagoak eta kumeagoak diren, mutur luzeagoa -eta otso itxura handiagoa- dutenak baino. Ez da kasualitatea, ezaugarri bi horiek gobernatzen dituzten geneek nolabaiteko lotura dute.

Antropologiaren ikuspegitik ere Konrad Lorenzek ez ezik, Stephen Jay Gouldek ere uste du gizakia espezie neotenikoa dela, primate neotenikoak garela, alegia. Ikus ditzagun ezaugarriak: ilerik gabeak, aurpegi borobila, begi handiak, mutur zapala… Txinpanzeei esaterako, kumetan mutur zapala badute ere, luzatu egiten zaie heltzean. Ezaugarri fisikoak betetzen dira, baina Gould eta Lorenzen ustez, bada gehiago: jakinmina, esploraziorako eta jolaserako zaletasuna… Baita maitatuak garenean lortzen dugun plazera ere.

Pentsa dezakegu, beraz, heltzea (*) gainbaloratuta dagoela eta “Ea noiz heltzen zaren, behingoz!” aurpegiratzen digutenean, agian lore bat ari zaizkigula botatzen eta ez genukeela beharbada txartzat hartu behar.

Ez dezagun ahaztu, gainera, lar heltzen dena usteldu egiten dela ;-)

 


(*) Heltzeaz ari garenean, ematen du iristeaz ari garela, ezta?  Nora iritsi balego bezala.

P.S: Bada izaera neotenikoa erlijioaren beharra sentitzearekin lotzen duenik ere. Baina hau beste baterako utziko dugu.

 

 


Utzi iruzkina: