Gizon finlandiar bat
Gizon finlandiar bat ageri da telebistan, irribarrez. Aurpegian edukaziozko irri lausoa duela eskertu die banan banan doluminak ematera joan zaizkion auzokoei. Telebistako esatariak argitu du istripua errepidean gertatu zela: patinetez zihoazen ume bi; auto batek harrapatu eta hil egin du bietako bat, gizon finlandiarraren semea, seme ttikia.
Lagun batek Finlandiako enpresa baterako egin zuen lan aspaldi eta kolpean etorri zait burura behin kontatu zidana: Kontua da halako batean Finlandiako nagusia etorri zela Euskal Herrira eta igande batean egun pasa geratu ziren nire lagunaren eta nagusiaren bi familiak, umeak eta guzti. Lagunak esan zidan orduan zeharo harritu zela ikusita ze gogor egiten zieten umeei, ez zietela negar egiten uzten, Finlandian negar egitea gaizki ikusita baitago, antza; ahultasun seinaletzat dute eta horregatik guztiz debekatzen diete umeei negar anpulu txikiena ere erakustea.
Eta hor ageri da telebistan gizon finlandiar bat, gizon finlandiar luze-luze bat, auzokoen doluminak jasotzen eta irribarrez...
Iruzkinak
patxi lurra 2005-11-27 23:02 #1
<p>Kontu hau unibertsala da: Britainia Handian "Boys don't cry", Espainian "Los chicos no lloran" eta Rubicon aldean, "enperadorearen zaldirik onenek" bakarrik egiten dabe nigar.</p>
Utzi iruzkina: