Gernika

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2013-04-26 19:25

 

Entzun dugun musika gara. Gaur hona ekarri nahi dudan diskoa, Pablo Sorozabalen Gernika, izango da ume nintzela gehien entzun dudanetako bat. Orain ulertzen duzue nolakoa naizen, ezta? Txantxak alde batera, A aldea entzuten nuen batez ere, B aldea ez zitzaidan hainbeste gustatzen: musika instrumentala izan dut beti nahiago. Etxean ez zegoen disko jogailurik, baina izeko-osabarenean bai eta han entzuten nuen disko hau, beste batzuen artean. Gainera, Pablo Sorozabalek berak -osabaren laguna zenak- nire lehengusinari oparitua eta dedikatua zen diskoa.

Ordutik urte dexente joan delarik, ibili naiz aspalditxuan ea aurkitzen nuen sarean, digitalizatzeak nagia ematen zidan-eta. Aurkitu dudan bertsioa berria da nonbait eta letra ere badauka, abesbatza batek kantatua. Baina ez zait gustatzen. Batere ez. Beraz, nagiak astindu eta .mp3 bihurtu nuen 1967ko disko zaharra. Pentsa, monoaural-a da, atera kontuak.


Internet aurreko garaietan altxor bat gorde nahi bagenuen, zazpi giltzaren pean egingo genuen, lau tigre gosetik zaindutako ate sendo baten atzean, sotorik ilunenean. Baina orain desberdina da eta altxor musikal hau gal ez dadin ahalik eta jende gehienengana helaraztea da egin beharrekoa. Hemen duzue, ba:

1.- Gernika
2.- Irugarren kalez kale
3.- Zortziko de las bateleras
4.- Donostia fandango vasco
5.- Biotz bat
6.- Kuku
7.- Gau eder bat
8.- Penak
9.- Urrundik
10.- Kinkirrin kunkurrun
11.- Baialdakizu maite
12.- Euskaldun makilla

A.- Diskoaren azala
B.- Diskoaren kontrazala

___________________________________________________________________

Eta hau idazten amaitu dudanean, konturatu naiz -benetan horrela izan dela- gaur dela bonbardaketaren urteurrena. Ze gauzak!


 


Utzi iruzkina: