Frankotiradorea eta hiritarrak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2012-01-24 21:08



          Irudikatu ezazue hiri bat, hiri arrunt bat. Hiritarrak etxetik atera eta bakoitza bere zereginetara abiatzen da goizero: iturginak daude, abokatuak, irakasleak... Haur, gazte eta heldu, nor bere zereginetan ari izaten da. Hiri horretan, beste guztietan bezala, badaude lantegiak, dendak, eskolak... Eta badaude, nola ez, inbiriak, ezin ikusiak... eta baita maitasuna ere. Hiri guztietan bezala, bestalde.
          Gauza bat dute galarazia hiri horretan: ezin dira etxeetako teilatuetara igo; are gehiago, ezin dute gora, teilatuetara, begiratu ere egin; debekatua dute, zeharo. Izan ere etxeetako teilatuetan frankotiradore zoro bat bizi da. Inork ez daki ez noiz ez zein teilatutatik egingo duen tiro. Ez dago tiroetatik salbu bizitzerik, etxean zaudela ere, leihoren batetik aka zaitzake frankotiradoreak. Ez da ezaguna egunean tirokatuko duen jende kopurua. Ez eta tiroz jotako horietatik zenbat zauritu eta zenbat hildako izango diren.
          Frankotiradore zoroak edozein garbitu dezake -ume, gazte, heldu, zahar-, edozer egiten ari delarik -pasieran, lanean, kafea hartzen-. Ez dago jakiteko modurik noiz, non, zein teilatutatik helduko den bala. Gauza seguru bat bada, ordea, hiri honetako biztanleentzat: egunen batean frankotiradore zoroaren tiro batek eramango ditu hiritik. Goiz ala berandu -goizegi beti, egia esan- hiri honetako biztanle guzti-guztiak hilko ditu teilatuan bizi arren inork ikusi ez duen hiltzaileak.
          Eta pentsatuko duzue, agian, hiritar espantatu hauek egun guztian izango dutela frankotiradorea gogoan, uneoro arituko direla hizketan beren zorigaitzeko patuaz, burumakur biziko direla, jakinik edozein momentutan aukeratu ditzakeela teilatuetako asesinoak. Ez, ba: frankotiradorea ez da hiri honetako biztanleen arteko solasetan agertzen, ez bada txantxa eta txisteetan; eta hiritar guztien ustea da inguruko guztiei helduko zaiela ordua beraiei baino lehenago: horrelakoa da bizitza, lagunok, denok hilko gara inoiz eta bla bla bla.
          Eta pentsatuko duzue, agian, inozo eta axolagabe hutsak direla hiri honetako gizajo hauek heriotz ezinbesteko horri lepoa emanda bizi direlako. Ez zaitezte oso zorrotzak izan eurekin, seko erotuta ez amaitzeko bide bakarra horixe dute-eta.



J.-rentzat, frankotiradore madarikatuak zauritu berria. Sendatu zaitez arin.




Utzi iruzkina: