Euskaltzaindiari, maitasunez

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2005-10-18 13:45
3

Andere (eta Jaun) txit goren, argi, zoli eta bizkor horiek, agur.

Ikusirik azken egunotan blogari / bloglari hitzen inguruan sortu iskanbila, zalaparta eta kalapita , eta kontuan harturik batzuk behintzat egunero-eguneroko hitza dugula arestian aipatua, honakoa eskatzera ausartzen da blogari ezdeus hau:

-Argitzen zaituzten jakinduriak lagun, eman dezazuela erabakia ahalik eta lasterren, blogak boladan egoteari utzi baino lehen, ahal dela.

-Eta bide batez azter ditzazuela blogari apal honek proposatzen dizkizuen hitz berriok, laster blogari askoren ahotan (teklatuetan) izango baitira:

• Blogura / blogalea: Ahalik eta arinen blogean zerbait idazteko irrika saihetsezina.
• Blogkuluxka: Bazkalostean idatzitako mezu laburra.
• Blog egin: Ondo blog egin! Opatzen diogu elkarri blogariok.
• Blogalizazioa: Blogen fenomenoa lurbira osora hedatzea.
• Blogotipoa: Zenbait blogen goiko aldean ager daitekeen irudia. Esaterako: jirafa bat , paper bolaz betetako plater bat , morroi bat neska bat musukatzen...
• Blogeria: Blogean tai gabe idaztera bultzatzen duen eritasuna.
• Blogopedia: Blogetan idazteko orduan egiten diren akatsen zuzenketa sistematikoa.
• Blogoterapia: Esan nahi duzuna esateko balio duen sendagaia. Psikoanalisia baino erruz eragingarriagoa eta, batez ere, askoz merkeagoa.
• Blogezina: Testu editorearen lauki zuriaren aurrean jarri eta ezer ganorazkorik burura etorri ez idazteko.
• Blogopatia: Beste blogariak zeri buruz idatziko duten asmatzea beren mezuak irakurri baino lehen.
• Blogofilia: Idazten ari den bitartean hemen esan ezin daitezkeen zerrikeriak egitea.
• Blogofobia: Blog hitza entzutean bekainak altxatu eta Bah! esaten dutenena.
• Blogorrea: Baten faltan , bi edo hiru blogetan idaztea.
• Blogologia: Blogean blogen gainean jardutea.
• Metabloglogia: Blogean blogen gainean jardutearen gainean jardutea.

Aurrekoak kontuan izango dituzuelakoan, eta zuen erabakia irrikaz espero dugularik,

Etxepareren,

Leizarragaren eta

Agerre Azpilkuetaren izenean,

Amen.

Izan funtsa!

Jozulin

Julen

Julen 2005-10-18 16:47 #1

Agur eta blogore zuri, o Jozulin! >
Txapela kentzeko moduko testua: txaplog!

Patxi

Patxi 2005-10-19 01:21 #2

Blogorrero nagusiak dio: >
Zu bai fenomenoa! Ze parreak!

jozulin

jozulin 2005-10-19 09:16 #3

1000esker (b)lo(g)reengatik ;-)

Utzi iruzkina: