Emeak
Zapoa gustuko duzu? Ba, jakin behar duzu baten bat jan duzunean emea izan dela, izan ere arrak 10 zm eskaseko huskeria hegaldunak dira. Ganorazko arrain-zopa bat egiteko ere sorta bat beharko genuke.
Aramurik ez duzu jango, jakina, baina ikaratzen zaituen hori emea da, seguru. Arrak ñimiñoak izaten dira emeen aldean eta oso gazte hiltzen dira behin eme bat ernaldu ondoren. Alargun beltzaren arra, esaterako, biziki ahalegintzen da hari itsaskorrez emea lotuta mantentzen ernaldu bitartean. Lortzen ez duenean emeak hil eta jan egiten du.
Marisorginaren kasua ere ezaguna da oso, ernalketa amaitu ondoren -edo, kasu!, amaitu baino lehen- emeak arra harrapatu eta -rau!- urdaileratu egiten du. Marisorgin espezie batzuetan arrak jateko zerbait eramaten dio emeari estaltzera doanean, horrela, emea jaten ari delarik, ihes egiteko aukera ttiki bat izango duelakoan.
Aipatu ditugun kasuetan emearenak dira osorik ernalketa osteko lanak eta berak darama ondorengoa bermatzeko zama eta lana. Arren ekarpena ezinbestekoa bezain hutsala da: espermatozoide igerilari zenbait. Eta kasurik txarrenean -glups!- proteina batzuk ere bai.
Eskerrak ugaztunak garen, aizue.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: