Dolua
Ehiztari batek ama hil zionean saldu zuten Dorothy. Hurrengo hogeita bost urteak -bederatzi mila ehun eta hogeita bost egun, berrehun eta hemeretzi mila ordu- Kamerungo jolas parke batean eman zituen lepotik kate batez lurrari lotuta. Burlak eta irainak jasan behar izan zituen egunero hogeita bost urtez eta erretzen eta edaten ere erakutsi zioten jolas-parkeko bistarien dibertimendurako. 2000ko maiatzean bere moduko beste hamarrekin batera parketik atera eta sendategi batera eraman zuten. Ordurako erabat gizenduta eta gaixorik zegoen. Apurka sendatu egin zen Dorothy eta Jacky eta parke bereko eta bera bezala zurtz geratutako Namaren adiskide egin zen. Guztiekin atsegina zen eta denek estimatzen zuten Dorothy.
2008ko irailaren 23an hil zen Dorothy txinpanzea, 40 urterekin. Zortzi urte zeramatzan Kamerungo Sanaga-Yong Chimpanzee Rescue Center-en. Heriotzaren ondoren, zaintzaileek erabaki zuten gainerako txinpanzeek ikusteko moduan luperatuko zutela Dorothy, beren modura uler zezaten ez zela berriro itzuliko, betiko joana zela. Zaintzaileen esanetan, denetariko erreakzioak erakutsi zituzten txinpanzeek, agresibitatetik frustraziora, baina aipatzekoa izan omen zen berehala zabaldu zen isiltasuna: bestela txinpanze talde zaratatsua zena mutu geratu zen bat-batean Dorothyren heriotzaren ostean.
Monica Szczupider zaintzaileak argazkia atera zuen Dorothy zeramaten momentuan eta egun bazuk beranduago your shot delako atalera bidali zuen National Geographic-era.
Esadazue: Ikusten al duzue desberdintasunik zuen begien eta argazkian ageri diren begi ikaratu horien artean?
Hemendik: 1, 2 eta 3.
Iruzkinak
patxi lurra 2009-11-10 06:02 #1
Lehengo egunean deskrubidu neban ingelesezko wikipedian gizakien jaiotzak eta heriotzak ez ezik animalienak ere kontsultsagai dagozala, harrigarria bada be. Dorothyrena ez dator halandabe.
Utzi iruzkina: