Demokrazia, hitz eder hori.

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2008-01-14 13:51


Herriak du hitza eta erabakia. Gehiengoaren nahia errespetatu beharra dago. DEMOKRAZIA nahi dugu. Hitz ederra da, zinez, ahoa betetzen duten horietakoa. Inork ere ez du zalantzan jartzen gehiengoarena dela erabakia: dela gobernua zein alderdik gidatu behar duen, dela etxeko eskilara zein koloretan margotu behar den auzokoen batzarrak dioena, dela datorren barikuan kuadrillako afaria zein jatetxetan egingo dugun. Ehuneko berrogita hamaika: erdia gehi bat. Pertsona bat boto bat. Horrela egiten dugu hautu. Nor ausartuko da zalantzan jartzen? Nork esango du ez duela gehiengoaren iritzia onartzen? Nor ez da demokrata hemen?

Gehienen botuez daude daudenak gobernuan. Hemen, hor eta han ere bai. Gehiengo garbiak irabazita aukeratuak izan direnak gehiengo garbiz onartzen dituzte legeak -lege gaiztoak barne- parlamentu ezin demokratikoagoetan. Gehiengoak aukeratutakoek onartzen dituzte alderdi(ar)en aurkako legeak edo heriotz zigorrak sinatzen. Gehienek aukeratutakoek deklaratzen dituzte gerrak, bozkatzera joan diren berberak eta beren seme-alabak frontean hiltzera eramango dituzten gerrak.

Zer egin behar dugu gehienen botuez zapaltzen gaituztenean? Zer egin behar dugu gehienek tortura babesten dutenean? Zer egin behar dugu gehienek aukeratutakoek pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago bihurtzen dituztenean?

Gehiengoak aukeratu dituenez, eta gu demokrata zintzoak garenez, onartu egin beharko dugu gehiengoaren nahia, ezta? Ezta?

 

 






Post scriptum: Amaierako “ezta?” bikoitz hori –nondik ez dut gogoan, baina- Katixari ostu diot, erran nahi baita, ezelako baimenik gabe hartu. Barkatuko ahal dit lapurreta ;-)

 



Utzi iruzkina: