DBH
Atzo izan zen tuit elkartruke interesgarria DBH telesailean darabilten euskara ereduaz; zehatzago: euskalkien erabileraz; are zehatzago: euskalkien artean gipuzkera baino -ia- ez agertzeaz. Oro har, telesail zein ez-fikziozko saioetan, batez ere -oso batez ere- umore saioetan, agerikoa baita gipuzkeraren presentzia, beste batzuen ausentzia bezain.
Ez asaldatu oraindik, jarraitu irakurtzen ;-)
Nago hau eskuarki arrazoi batengatik gertatzen dela: aktore gipuzkeradun gehiago dagoela aktore -demagun- goinafarreradun baino. Edo bizkaieraz natural molda litezkeenak baino, esaterako.
Bizkaieraren kasuan beste zehaztapen bi egin nahi nituzke: orain artekoan fikzio eta ez-fikzio saioetan esango nuke kostalde inguruko bizkaiera izan dela gehien ageri izan dena: Bermeo, Ondarroa, Markina... Nekez entzun ahal izan dugu, zer dakit nik, Arratia edo Txoriherriko bizkaiera aurrekoak bezain ederra. Eta? Bizkaiera barneko euskalkien arteko parekotasuna ere eskatu beharko genuke? Kuota bat? Ez dut uste.
Horrexegatik ez dut uste bizkaiera, gipuzkera, zuberera... agertu beharko liratekeenik derrigor. Gidoiak agindu beharko luke: honek gipuzkeraz, beste honek bizkaieraz, harako hark batueraz... Eta, bestela, aktore zehatz batek jokatzen duen pertsonaia bere jatorria dela eta "ez markatua" bada, ba, batueraz egin dezala.
Amaitzeko, iruditzen zait DBH saioan -ikusi dudan apurrean, hau da, hiru mikrosaio- ahalegin bat dagoela euskaraz egi(te)n den umore "bigun"etik aldentzeko. Eta -hau ez doa inora, Jozulin mozoloaren iritzia baino ez da, baina- niri gustatu egin zait.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: