Bilatu eta aurkitu
Wolfram Alpha aurkeztu berri dute, bilatzaile adimentsua. Google eta
enparauen aldean abantaila izango omen du honakoa: galdera zuzenak egin
ahal izango dizkiogu. Googlen hitz bat edo beste sartu ohi dugu
bilatzeko, esaterako Elvis, baina bilatzaile berri honi itaunketa
zorrotza egin ahal izango diogu, adibidez: Noiz jaio zen Elvis? Zenbat
aldiz ezkondu zen? Hilda dago benetan Elvis?
Kontua da Wolfram honi galdetu diotela: Where is God?
eta erantzun du -sinestunen harridurarako- Jainkoa, God, ez dagoela leku
guztietan baizik eta toki zehatz batean bakarrik: Hungarian. Hango hiri
bat omen da.
Bestalde, Is there a God?
galdetuz gero, erantzuten du funtzionalitate hori ez duela oraindik eta
nahi baduzu e-postaz abisatuko dizutela prest daukatenean. Ez dakit zergatik baina ematen dit luze joko duela.
Is there any God?
galdetuz gero Wolfram-ek erantzuten du, apal-apal, ez dakiela seguru zer egin
zure "input" horrekin. Beraz, adimentsua bai, baina hain listoa ere ez
da.
Enfin, ganora eskasa gaur. Gauean lagun zahar baten kontzertua; bihar ostirala, afaria; larunbatean bazkaria; igandean txakolintxu batzuk ordaindu beharko dizkiegu Amaraunakoei, Aitabarri Euskaldunen Alkartekoei eta hainbesteri. Astelehen mandoa dakar...
Iruzkinak
Benito 2009-05-29 00:02 #1
Ei, igandean non ipiniko duzue txakolinak pagatzeko makina?<br />
Jozulin 2009-05-29 17:05 #2
Datorrenak itxi dezala abisua berton. Egongo gatxink!.<br />
Edurne 2009-05-29 21:38 #3
Utzi iruzkina: