Benetakoa zer den

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2015-03-22 10:23

 

Sarri jartzen dizkigute aurrez aurre bizitzako gauza ttikietan lor daitekeen benetako zoriontasuna eta eta drogek agintzen dizkiguten ‘paradisu artifizialak’.
Oliver Sacks haluzinazioei buruz ari da bere azken liburuan, bai drogek -legal zein ilegalek- eragindakoez eta bai buruko zenbait gaitzek sortutakoez. Liburuko ehunka kasuen artean, batek pentsarazi zidan zoriontasunaren benetakotasunaz:

Entzefalitis letargiko gaitzak jotako Gertie C. andreak urteetan izan zituen haluzinazioak; ez ziren bereziki asaldagarriak, irudi atseginak ziren: belardian etzanda eguzkitan, txikitan bizi izan zeneko errekasto batean igeri... Urteak geroago, L-dopa ematen hasi zitzaizkion gaitzaren sintomak leuntzeko eta bat-batean bestelakoak bihurtu zitzaizkion haluzinazioak: jendea agertzen hasi zen eta bazuten ukitu sexuala. Gertie beldur zen jarri zioten botika berria, L-dopa, kendu eta bisitan etortzen zitzaizkion lagun berriak desagertuko ote ziren: Ez diozu kenduko kontsolamendu hau ni bezalako andre zahar frustratu bati, ezta? -esan zion Sacks doktoreari. Bion artean hitz egin zuten aldaketaz eta onerako zela ebatzi zuten, baldin eta Gertiek gertaeren kontrola galtzen ez bazuen.

Ordutik aurrera Gertiek lortu zuen haluzinazioen gaineko agintea hartzea eta gaur egun ere arratsaldeko zortzietatik aurrera izaten ditu, inoiz ez lehenago, hogeita hamar-berrogei minutuz, berak hala erabakita. Ordu horretan egunero etortzen zaio “hiritik kanpoko gizon bat” maitasuna eta opariak ekartzen dizkiona. Senideak -benetakoak- bisitan joaten zaizkionean ere, zortzietan puntuan kanporatzen ditu, adeitasunez, eta azaltzen die “ez litzatekeela txukuna izango hain urrutitik etorritako gizona itxaroten uztea” eta mesedez bakarrik lagatzeko.

Gauero du Gertiek bere paradisu zatia. Benetakoa? Axola du?

 

 


Utzi iruzkina: