Aldi gaiztoan, EPILOGOA: 2171

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2011-09-05 00:01
1


2171 urtea


      -Baina nik joan egin nahi nuen, joan egin nahi nuen. Holosolasa ez da gauza bera, ez da gauza bera.

      Restrepo ajentea marmarka dabil eta horrelakoetan beti errepikatzen du esan berri duena. Arrazoi du Restrepok, garai honetan oso gutxi bidaiatzen du jendeak: erregai fosilak urritu zirenetik garestiegia da hegan egitea eta hydrocruiser-ez egun batean New Yorkera heldu ahal izango balitz ere, electrotrain-ez joan beharko litzateke South Californiaraino. Gainera, independentziaz geroztik, South Californian sartzea ez da batere samurra europarrentzat. Bestalde, komunikazio holografikoa duela urteak da ohikoa eta egia esanda aspaldion hartu duen mailarekin ez da batere erraza antzematen errealitatea eta elkarrizketa holografiko baten artean zein den zein. Ia 10.000 kilometroko bidaia, beraz, ez da aukera bat, Restrepo ajentearen amorraziorako.

      Babelfish itzulgailua ere badago, belarrian egokitu eta entzuten dena nahi den hizkuntzara bihurtzen duen gailua. Babelfisharen hedapenaz geroztik nahi duen hizkuntzaz mintzo da jendea eta ingelesa edo gaztelaniaren erabilera dexente murriztu da: bat-batean beharrezko izateari utzi diote hizkuntzok.

      -Restrepo, arranopola! Ez hasi berriro umekeriekin, nahikoa dut daukadanarekin, Californiako txostena ez da nahikoa, antza, eta orain deitu ere egin behar digu Gómez horrek! Eta ez daukat arrasti guztia, Restrepo!

      Restrepo ajenteari “arranopola” erantzun diona Otxoa komisarioa da, Euzko Jaurlaritzak Zeregin Berezietarako Zerbitzuen Arduradun (ZerBeZA deitzen diote txantxetan) izendatu berri duen ertzain eskarmentatua. Zeregin berezi horietako bat izaten da Time Guardians-ekin harremanean lan egitea. Time Guardians delako erakundeak egiteko nagusi du denbora arakatzea eta balizko kronobidaia ilegalak antzematea eta ahal izanez gero, zapuztea. Edo, hau ezinezkoa balitz, errealitatearen autokonsistentziaren printzipioak laga dituen hutsuneen ondorioak lehengoratzea. Izan ere, eta zientzialarien harridurarako, saihetsezina zirudien printzipio hau ez da beti betetzen, fisika kuantikoaren sekretu guztiak -2171 urtean ere, oraindik- ez baitira erabat argitu.

      Holoscreen-aren aurrean daude bi poliziak; bi metroko aldeak dituen kubo baten barruan ikusten dute Mr Gómez, SCalTT (South California Time Technology) enpresako Time Tracker burua.

      Otxoa komisarioak esku biez atzerantz bota du adats ugari baina urdintzen hasia. Etsipen seinale argia da keinu hau Otxoa ezagutzen dutenentzat. Nekatuta dago. Oso nekatuta.

      -So, Mr Gómez, what happens? –egunon ere esan gabe hasi da Otxoa- Why this call? What means this... soap opera? –soap opera itzuli du halamoduz babelfishek Otxoak esandako txolopote hitza.

      -Well, Mr Otxoa, take it easy... and call me Rick, if you want. And now let me... But, egin dezagun euskaraz zuzenean. -kendu du babelfisha belarritik eta gauza bera egitera gonbidatu ditu Otxoa eta Restrepo.

      -Ari naiz berreskuratzen nire arbasoen hizkuntza. Jakingo duzue arbaso euskaldun eta, are gehiago, filologoak ditudala, ezta?

      -Don´t you? -da ingelesez entzun duten azkena, eurek ere babelfisha oraintxe atera baitute belarritik.

      -Ederki, primeran –erantzun dio Otxoak, berezko dituen manera zakarrak ezkutatzen saiatu ere egin gabe - neuk ere baditut arbaso euskaldunak, eta zer? Mundu guztiak ditu arbaso euskaldunak garai hauetan! –eten bat egin du eta jarraian aldatu du gaia- Nik jakin nahi dudana, Gómez jauna, Rick, zera da: Ezohiko txosten idatzia, holobideoa, holoargazkiak... bidali zenituzten. Ederto, irakurri ditugu, ikusi, behatu ditugu buruz ikasi arte. Beraz, zer dela eta dei hau?

      -Otxoa jauna, txostenetan irakurriko zenutenez, dardara somatu genuen denbora lerroan 2003-2006 urteen bitartean. 2071tik egindako kronobidaia izan zela badakizue -esan liteke Rick Gómez, SCalTT-ko Time Tracker burua gozatzen ari dela komisarioaren ezinegonaz, irri oker bat somatzen hasi baitzaio begi bihurrien azpian-.

      -Ondo esan duzun bezala, hori guztia badakigu –erantzun du Otxoak, inoiz izan ez duen pazientzia galtzen hasita-.

      -Bai, eta berdin dakizue nola orduko filologoen txostenek moztu egin zuten errotik bidaiak zeukan asmo behinena, buztin zatietan idatzitako hitzak benetan zahartzat hartzea, euskararen historia aldatzea, alegia. Ederto egindako faltsutzea izan zen, kimikari iaio batek egindakoa, idazkunen gaineko geruza eta guzti... Baina, esan bezala filologoek, tartean -harro diot hau- neure arbaso bat, deuseztu zuten iruzurra. Dena den, alderdi politiko zehatz baten zuzendaritzan halamoduzko eragina izan zuen, errealitatearen auto...

      -Bai, bai, bai, bai! Esango diguzu behingoz oraindik ez dakigun zerbait? -Moztu du bortitz komisarioak. Restrepo ohartu da Otxoaren bekokian hazten ari diren izerdi tantez. Ekaitza dakar laster.

      -Oraintxe bertan. Otxoa jauna: for your information, holosolas hau enkriptatuta dago eta sekretu maila gorena du. Esan behar dizuet denbora lerroan beste dardara bat somatu dugula: wave-ak -hitz hau ingelesez ebaki du Gómezek- 2241ean izango du eragina eta 2077an du abiapuntua Euskal Herrian, Amoroton hain zuzen. Are: eguzki sistemako beste leku batean ere somatu ditugu uhinak sortu dituen denbora-dardararen zantzuak. Ezetz asmatu non.

      -... !?

      -Marten, Martitz planetan, zehatzago Galdakao izeneko kraterrean.

      -Mr Gómez, Rick, mesedez, nekatuta nago eta...

      -Otxoa komisarioa, Restrepo ajentea: Wait pixka batean, please. Uste dut hemendik aurrera sarriago egongo garela, lan handia dugu-eta aurretik. Zure nagusi Mireia Garate Barne Sailburusa ere jakinaren gainean dago. Eta XX. mendeko blackandwhite filme batean dioten lez: “I think this is the beginning of a beautiful friendship”.



(JARRAITUKO DU... BEHARBADA)






patxi lurra

patxi lurra 2011-09-08 17:20 #1

2171. urtean non egongo gara geu, Dear Morenito? EAJk gidatu ditu orduan be geure ondorengoen patua? Mari Jaia legala izango da? Zezenketak legalak izango dira? Realak Lehen Mailan segiduko dau? Futbolik egongo da oraindino? Urtaroak egongo dira (seasons as we know them now)? Euria egingo dau? Non biziko da jentea? Munduko banaketa oraingoa legez izango da? Ruper entzungo dabe? Jenteak udako oporraldiak Finlandian pasatuko ditu, Andaluzia, Algarve eta Côte d'Azurreko bero jasanezinetik igesean? Umeen eta zaharren arteko desoreka konponduta egongo da, Mendebaldeko gizarteetan dinot?


Utzi iruzkina: