Akordatzen

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2005-09-27 08:49
1

Akordatzen naiz irailaren 27 honetan urtero akordatzen naizela hamabi urte nitueneko irailaren 27 hartaz. Akordatzen naiz arnastu zitekeen etsipenaz. Akordatzen naiz asteak geroago “sartuta” zebilen senide batek eman zidan oroigarri hartaz, bisita-txartel baten neurrikoa, aurrealdean krabelin bat –uste dut- odola zeriola eta atzealdean, eskuz idatzitako moduko tipografiaz, hitz batzuk: “Mañana cuando yo muera no me vengais a llorar. Nunca estaré bajo tierra, soy viento de libertad.”

Akordatzen naiz gau batez atea jo zutela eta eskailera-burua poliziaz beteta zegoela. Akordatzen naiz zarataz. Auzoko baten etxea miatzera zetozen eta ama eraman zuten lekuko izan zedin. Akordatzen naiz Colombo deitzen zioten “secreta” harro hartaz, eta bere gabardinaz eta bere gorrotoaz ere akordatzen naiz, eta nola ibiltzen zen kaletik, harro baina noizean behin atzera begira.

Akordatzen naiz gau hartan bertan erre zuela amak sukaldeko txapan Txiki eta Otaegiren oroigarria, eta harekin batera etxean zeuden beste oroigarri, paper eta hainbeste altxor txiki. Akordatzen naiz arnastu zitekeen beldurraz. Akordatzen naiz.



Patxi

Patxi 2005-09-27 10:26 #1

<p>Nik ere bizi izan det hori. Ez det sekula bildur gehiago pasa. Eta txarren txarrena, poliziak ni -hamabi bat urteko umetxo ikaratua - lasaitzen egin zuen saio hura. ><br />Goizeko hiruretan zure gela, poliziz beteta ikustea, kajoiak arakatzen, oso esperientzi gogorra da. ><br />Nere anaiek okerrago pasa zuten, jakina. Eskerrak berehala askatu zituzten.</p>


Utzi iruzkina: