Mingain haragia

joxemaricarrere 1456149995596 carrere kontalaria | 2007-04-05 12:10

Mingain haragia

Emakume ipuinak

           

 

 

                Mingain haragia ipuin ikuskaria munduko kultura ezberdinetako ipuin tradizionalekin osatuta dago. Mendetan zehar ahoz aho pasatako kontakizunak dira. Ameriketako indioak,; Afrikako ahots ezezagunak; Inuit herriaren berotasuna izotz artean; basamortuko lasaitasuna. Telebistarik gabeko garaia; “desiratzeak oraindik balio zuenekoa”.

            Baina hamaika dira gordetzen diren hoietako istorioak. Zergatik bada honako bilduma hau? Egia esan ia-ia kasualitatezkoa da ikuskari hau. Ipuin ezberdinak ezagutzen ari nintzela, konturatu gabe ari nintzen emakumeak protagonista zituzten ipuinekin liluratzen. Ez ziren Marierrauskin edo Txano Gorritxo edo Edurne Zuri. Neska liraina, xarmanta, ederra, bihotzonekoa ez zen ezkontzen Printzearekin, ez zegoen ezeren zain. Emakumeak agertzen ziren ipuinetan, edo harremanetaz mintzatzen ziren ipuin hoiek. Eta nahigabe hoietako batzuk baztertzen hasi nintzen, eta ohartzeke ipuin mordoxka neukan norbaiten belarrira eramateko zain. Eta horrela sortu zen Mingain Haragia.

            Badaude ipuin samurrak, gogorrak, irri egitekoak, ironikoak, erotikoak. Badaude gizon-emakumeen arteko harremanetaz mintzatzen direnak; sexua gozabidea dela esaten digun ipuina ez lotsa edo botere tresna; bada ipuinik etxeko zereginen “arintasuna “ agertzen diguna.

            Mingain Haragia metafora bat baino ez da. Mendebaldeko gizarte zaratatsu honetan hitzaren balioa, mintzatzearena, erakutsi nahi du. Eta mugarik gabeko teknologia mingainik ez duela aldarrikatu nahi du. Eta pertsonen arteko harremanak direla pertsonak egiten gaituztenak erakutsi nahi du.

            Baina batez ere denbora pasa izan nahi du. Norberak ipuinak bere baitan sortarazten duen istorioa biziko du. Norberak bere imajinarioan bere irudiak egingo ditu. Azken finean ipuinek horretarako balio dute, alegia, irudimena  konputagailuen ahalmena ez dela frogatzeko.

            Eta espero dut zuentzat ere ipuin hauek mingain haragia izatea.


Utzi iruzkina: