Taupadak

josu 1456149891816 Josu | 2006-11-03 11:43

Abandon nago. Plaza biribilean Moyuarantz hartu dot, Corteinglesaren kanpokaldea zeharkatuz. Nahiko azkar noa, tipi-tapa-tipi-tapa. Normalean Eibarren ez da inor nere erritmora ibiltzen. Bilbon bai. Nere aurrean emakume bat doa, abiadura berdintsuan. Ezin dot aurreratu, eta bera ezin da hurrundu. Tipi-tapa-tipi-tapa. Hor doa bera. Hor noa ni. Nere pausuekin batera danborrada entzuten dot, guda bat bailitzan. Milaka pausu neuriekin batera doaz eta zapaten lurraren kontrako talka nabaritzen dot. Pum-pum-pum-pum. Normalean nere herrian inor ez da nere erritmora ibiltzen, eta bestela, ez da espaloi beretik joaten. Nere atzetik gizon bat dator, abiadura berdintsuan. Ezin nau aurreratu, ni ezin naiz hurrundu. Tap-tap-tap-tap. Beste espaloira joan naiz. Bera atzetik dator, ez dut ikusten baina nabaritzen dut. Bere oinek eta nireek batera ematen dituzte lurraren kontrako kolpeak. Pa, pa, pa, pa. Taupadak dira. Pausuekin batera doaz. Bilboren taupadak. Hiria bizi dagoela erakusten diguten taupadak.


Utzi iruzkina: