Masa komunikazioaz

josu 1456149891816 Josu | 2007-10-04 00:38

Unibertsitateko komunikazio ikasketak hasi nituenean frustrazioa aipatzen genuen ikaskideok. Masa komunikazioaren gaiztokeriaz ordurarte ohartu ez bagina bezala. Begiak ireki eta mundu perfektua, perfektuki gaiztoa noski, ikustea frustrante xamarra da, bale. Baina ikuste hutsak uzten du irekitako aterik pentsamendurako, solasaldirako eta halabeharrez, aldaketarako.

Ez, ez dut mundu komunikatiboa gaiztokeriaz garbituko. Baina gaiztokeria handiei gaiztotasun apur batez kilimarik egiterik badagoela sinisten dut. Noizbehinka, ingurukoen begiak ireki eta euren frustraziorako zintzotasun plantak deskubritu ditzagun elkarrekin. Bihotz garbia duenak izan dezala garbi burua, bataren kutsadurak besteari eragiten baitio.

Ez da aske pertsona on eta zintzoak izatearekin, eraikitako ideiak eta pentsakera kez beteta baldun baauzkagu. Kea baldin badago egin dezagun putz gure burmuinetako errautsetan sua ikusi arte. Eta erre ditzagun pixkanaka, San Juan Sua bailitzan, bertan pilatutako ideia oker interesatuak. Izan ere ideiok pilatu eta bertan bizirauten dute gure egunerokotasunean nondik norakoak bideratzen. Urteak pasata hor geratu dira, masa komunikabideen bidez, hainbat ideia ustel. Albiste-bonbardaketaren errauts faltsuak. Seme-alaben hezkuntzan oinarriaren azpian geratuko diren errautsak, zeinetatik bere sustraiak elikatuko diren.

Gaiztotasun apurraren beharra aipatu dut. Eta badu, honek, digitalizazioarekin zerikusirik. Blogak dauzkat buruan. Asko eta asko masa-komunikabideen ispilu soilak dira (gara?), euren jolasari jarraitzen dioten guneak. Eta jolas horren bitartez hedatzen dute medioen ideologia, intentzioz edo oharkabez. Baina badira, baita ere, txoko zorrotzak. Joko horretan fitxa mugitzen duten proiektuak. Lehen euskarazko bloga ei da Sustatu, eta bere V. Urteurrenean Luistxo Fernandezek esan modura "gurea ez da komunikabidea. Gure putada bat da". Eta hori gustatzen zait: "putadagileak" badaudela sinistea, masa-ekoizleen begian behatza sartuko duen jendea badagoela eta azpikeriak birritan pentsatzekoak izango direla. Gure txikitasunetik, sare sozialen bitartez gauza handiak egitetko aukerak badaudela. Polita da frustrazioaren aurrean begian irekitzeaz gain ahora ireki eta entzuna izan zaitezkeela sinistea.

Masa komunikabideek kale borrokaz eta ezker abertzale biolentoaz ari diren honetan, badaude bideoak interneten zeintzuetan Eratzantzaren biolentzia ikus daitekeen. Eta aurki dezakezu zinegotzi mehatxatu baten bloga, eta bere ikuspegiak hurbildik ikusi Estatuko komunikabide enpresa handien bitartekaritza interesatua ahaztuta. Apasionantea da. Hor ere sentimenduak daude, erabiltzen dira. Baina telebistak sortu egiten ditu, eta pertsonak kanporatu baino ez ditugu egiten. Eta bide batez besteen poza, sufrimendua... barneratzeko saiakera egin.

Eta nolabait, barneratzen dugun horrek, ideiak eraikitzen dizkigu. Edo ideion berreraikuntzan parte hartzen dute behintzat, errealitate gogorrak lehen planoan ikusita. Eta hori posible da pertsonaz pertsona, guztioi medio berak bere interesen arabera jaurtitutako albiste-zaparradatik haratago.


Utzi iruzkina: