Korrika heldu da!
Inoiz ez dut ikusi obrerorik lanean orain ikusten ari naizen larritasun
mailan. Harrituta naukate Coliseoko langileek. Azken hiru urteotan
logelatik jarraitu ditut obrak eta denetarik ikusi dut. Barrutik hutsik
zegoenean bi langile baino ez egotea, adibidez. Orain, kanpoan, jende
piloa ikus dezaket: bost igeltsero espaloi zati bat presaka konpontzen
(zelako garboa duten, sekula ikusi ez dudana), bi tipo igeltseroak
kontrolatzen, bi Udaltzain (lehen aldiz ikusten dut etxe parean bi
udaltzain 2 minutu baino gehiagoz, baina horretarako beste bi etorri
dira eta hau idatzi dudanean lau Udaltzain daude, hortaz), Udal
Brigadakoa dirudien tipo bat, 7 tipo (Coliseoaren atzean daude eta
gehiago ezin dut ikusi) buzo naranja bat jantzirik, beste 5 dena
superbisatzen, beste bat traktore txiki bat gidatzen, 2 furgoneta
dadude eta horietako batetik beste 4 pertsona karga eta deskarga lanak
egiten. Errementari-itxura duen beste bat agertu da. Merkatu Plaza
atzean beste pare bat igeltsero ere badaude. Arkitetua eta beste tipo
bat ere hasi dira hortik pasiatzen.
Ah! Tartean orain ikus dezakedan emakume bakarra Udaltzain bat da.
Lanak egin ahal izateko elurra kentzen ari dira, mangera batez. A ze
nolako erritmoa!! Eta horrela behar du izan, bihar estreinatzea erabaki
badute... egia esan ez dut ulertzen nola ibili daitezkeen horrela
inaugurazio bezperan. Nahi dutenean badakizkite gauzak azkar egiten!
Barrutik ikusteko aukerarik ez dut izan 2005eko abendutik, eta hortaz
ez dakit zelan dagoen, ea norbaitek botatzen duen hona zeozer. Kanpotik
behintzat justu-xamar ibiliko dira. Zementoak 24 ordu behar izaten
dituela daukat entzunda, eta daukagun eguraldia eukita ez dakit nahikoa
izango ote den. Tira, arduradunek kalkuluak eginda eukiko dituzte
biharko den-dena prest izateko, baina hainbeste urte itxaron ondoren
itxarongo genituen egun batzuk gehiago!! Ah, agian Ministrak ezin zuen?
Bapo. Hala bada, ba oso ondo, ez naiz larrituko, bihar pase VIPa behar
da eta ez nik ezta Ustekabek ez dakagu halakorik. Hortaz, gaitzerdi.
Coliseoko langileak AHTa baino azkarrago dabiz, ez dakit hori naturaren
kontra ote doan, baina nere irakasle izandako G.J.Palaziok esango zeban
moduan: Uxala beti horrela balitz!
Korrika igandean helduko da Eibarrera. Coliseoa bihar helduko da, korrika, Eibarrera.
Eibar.ORGn argitaratua.
Argazkiak Flickr-en
Eguneraketa (2007-03-23, 01.15): goizeko ordu bata ingururarte egon dira lanean. Itzali berri dituzte Coliseoko argiak.
II. Aktualizazioa: Goizeko 7.40 dira eta lanean ari dira, barruan eta kanpoan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: