URREA (Berrian, 06/10/15)
Mediku kolonbiarrak galdera eta erantzuna bota zizkidan: “ba al dakizu beltzek zergatik erabiltzen dituzten urrezko bitxiak?, estetikoki ondo gerazen zaielako eta historikoki ihes egin behar izan dutenean aberastasuna norberarekin eramatea errazten dielako“.
Urrearen salneurria bost urte darama etengabe igotzen. Azken bi hamarkadetako egonkortasunaren ondoren, 2001aren erdialdean ontza 270 dolarretan bazegoen, azken abuztuan 650etara iritsi da. Merkatua zain dago 1.000 dolarretara noiz iritsiko.
Urreak bi erabilera nagusi ditu, luxuzko artikuluen ekoipena eta moneta inbertsio gisa. Industria elektroteknikoan eta hortz teknikan erabilitako bolumena ez da esanguratsua. Urrea luxua eta aberastasunaren ikurra da, baita garai zailena ere. XX mendeak erakutsi du urrearen eskari handiak, krisian dauden moneta sistemenengandik ihesi doazen fluxuak direla. Hori dela eta, oskarbi dagoenean ekaitzaren etorreraz ohartarazten gaituen barometroa izan daiteke urrea.
Igoeraren arrazoia lehenik kapital espekulatiboaren jokaeran aurki dezakegu. Ekonomia errealak kapital masa horiek xurgatu ezin dituen heinean, finantz esferan bilatzen dute errentagarritasuna, bai burtsako burbuilan, bai burbuila inmobiliarioan. Erositako aktiboen (akzioak, etxebizitzak…) salneurriek gora egingo ez dutela antzematerakoan plusbalioak jaso eta merkatu horretatik ospa egiten dute. Horixe gertatzen ari da Estatu Batuetan. Printzipioz beste edozein aktibora aldatzea da arruntena, baina munduko monetaren sistemaren ezegonkortasunak lainopean jarri du finantz sistema osoa. Zehatzago, dolarraren debaluazio arriskuak. Hori dela eta indartzen doa urrearen aukera. Banku Zentralek hortan dihardute. EE.BBetako Erreserba Federalak gordakinaren % 75a urrean du eta Bundesbankek % 60a.
Dolarraren ahuldadea estrategikoa da. Estatubatuarrek hiru defizit kroniko dituzte: aurrekontuen defizita, enpresen eta familien zorpetze izugarria eta kanpo balantzaren defizita. Hiru horiek administrazioaren eta enpresen zor tituluak atzerrian kokatuz finantzatzen dira. Horrela bilakatu da EE.BB munduko herrialde zorpetuena. Dolarrarenganako konfiantza oinarri. Dolarraren debaluazioak titulu horien eta interesen balioa murriztea ekarriko luke eta ondorioz erakargarritasuna txikitzea.
Konfiantza eta dolarraren hegemonia ahultzearen zantzu argiak daude. Adibidez. Petroleo esportatzaile diren herrialde nagusiek bere salmentetan dolarraren ordez euroa erabiltzea erabakiko balute, herrialde kontsumitzaileen dolarren eskaria murriztu egingo litzateke eta automatikoki debaluazioa. Aurrekariak badaude. 2000 urtean Irakek bere petroleoaren salmentetan dolarra onartzeari utzi zion. Inbasioaren ondoren eurotako kontuak dolarretara itzuli ziren. Iran, azken udaberrian eurotan operatuko zuen petroleo burtsa sortzera zihoan eta Bush-en mehatxu militarrak geldiaraztea lortu du. Bestaldetik, bitxia da EEBBetako bankuek ze konfiantza gutxi adierazten duten dolarrarekiko edo bere administrazioarekiko, beraien esku zor publikoko titulu guztien % 1,7a soilik baitago, aldiz, atzerriko operadoreek zor publiko estatubatuarraren % 49a.
Oso esanguratsua da bestalde, Erreserba Federalak, munduan zenbat dolar dagoen neurtzen duen M3 adierazlea publiko ez egitea erabaki izana. Zorrei aurre egitearren dolarrak inprimatzeko makinari eragitearen tentaldia izkutuan mantentzeko aukera. Zirkulu batzuetan Erreserba Federaleko presidentea den Ben Shalon Bernankek Helikoptero izengoitia jasotzen du, hitzaldi batetan errezesioa ekiditeko dolarrak zerutik botako zituela esan zuelako. Baina dirua sortzeko makina gehiegi erabiltzeak beti ekarri du inflazioa, monetarekiko mesfidantza eta monetaren balio galera. Horren beldur ote dira urrean aterpea aurkitu nahian dabiltzanak?.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: