TALKA (berrian, 2008-10-12)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2008-10-17 20:50
1

Dolar bileteetan Karl Marxen aurpegia itsasten ari diren honetan, burura datorkit honek “Ekonomia Politikoaren kritikarako ekarpenean” idatzi zuen esaldi bat: “Gizakiaren esistentziarako beharrezko den ekoizpen materialean, gizartearen indar produktiboak uneko ekoizpen-erlazioekin talka egiten dute. Erlazio hauek indar produktiboentzat oztopo bilakatzen dira. Orduan iraultza sozialerako aroa zabaltzen da”. Inspiratzailea eta potentzialtasun intelektual handikoa iruditu zait historiaren motore gisa uler daiteken indar pruduktiboen (giza baliabideak, lehengaiak, teknologia, makinak...) garapenerako ekoizpen-erlazioak (langile-enpresari-kapitalista harremanak, ekoizpen bitartekoen jabegoa, soldatak, lan-baldintzak, lan-antolakuntza...) oztopo bilakatzearen ideia. Hau da, kapitalismoak inoiz izan den ekoizpen ahalmenaren eztanda bideragarri egin bazuen ere, kapitalismoaren gizarte eta ekoizpen-egituraketa denborarekin oztopo bilaka daiteke.

Kontraesan horren adierazpen gisa gainprodukzio-krisiak aurki ditzakegu. Krisi hauek bi indarren emaitzaz sortzen dira: alde batetik, kapital metaketa ezinbestekoa zaio sistemari bizirauteko eta horrek lehia tinkotzea, salneurriak murriztea, mozkin ratioak murriztea eta ekoizpen-ahalmen gehiegizkoa ekar ditzake; are, bestaldetik, mozkinak kontzerbatzearren soldatak baxu mantentzeko presioak kontsumoa ekoizpen ahalmenaren azpitik ezartzen duenean.

Burbuila espekulatzaileak kontraesan horren adierazpen dira. Ekoizpen sisteman errentabilitatea baxua denean, metatutako kapitalari eremu hori ez zaio erakargarria eta finantza ekonomiara desbideratzen da, mozkin altuagoaren bila. Burbuilaren logika etorkizunean salneurriak goraka egingo duelaren ustean datza. Horixe gertatu zen interneteko enpresekin, etxebizitzekin edota finantza-sektoreko operazioekin. Azken hauen artean berriki sortu diren sasi-aktibo kreatibo eta iruzurtzaileek berezitasun bat dute gainera: paperen trukean oinarritzen da eta ez da baliorik sortzen, batek irabazten duena beste batek galtzen du. Gakoa da noiz sartu eta noiz irten jakitea, burbuilek hustu edo eztanda egiten dutelako. Dena den nire interesa ez da dinamika hau aztertzea, goian aipaturiko talka baizik.

Pentsamendu marxistak bazuen ideal bat edo utopia bat (Eduardo Galeanok darabilen zentzuan). Marx-ek kapitalismoaren izaera metatzaileak bideratu zuen ahalmen teknologikoa miresten zuen, gizakien behar zein eskariak asetzeko indarra historian izan den boteretsuena delako. Ahalmen teknologiko horretan oinarrituta, utopia komunistak gizarte berria irudikatzen zuen, non mekanizazio-robotizazioaren bitartez lan ordu gutxiago beharko den, aisia eta alde ez-materiala zoriontasunean osagai garratzitsuagoa bilakatuko den, esplotazioa eta alienazioa desagerrarazteko baldintzak sortuko diren. Ahalmen teknologiko hori kolektibitatearen, gizartearen mesederako jarri alegia, ez mozkinaren maximizazioarako logikaren menpean. Baina utopia horretarako sistema kapitalistaren logika eta esplotazio edo botere erlazioak oztopo bilakatzen dira, bizi dugun krisialdiak erakusten duen bezala.

Sistema produktiboan berrinbertitu ezin daitezken kapitalek sortutako kasino perberso honen gainbeherak bi gauza erakusten digu: i) sistema produktiboan lekua topatzen ez duten kapital (errenta edo balio erantsi) hori sistema logiko berdintzaileago batetan langileen artean banatu daitekeela, lan orduak murriztuz edo beste herrialdetako soldatak igoz adibidez; eta ii) sistema produktiboan lekurik ez badu, gizarte garatu honetako behar materialak asetuta daudelaren seinale, eskariak egonez gero, negoziorako oportunitatea dagoenez enpresetan inbertituko luketeelako (oharra: herrialde garatuetako batazbesteko terminoetan ari naiz mintzatzen, guztiok 30.000 euro irabaziko bagendu bezala).

Noraezean dabilen kapital hori sortu beharrean ez al da logikoagoa adibidez lanorduak murriztu, soldata mantendu eta parekatu, eta mozkinak murriztu. Aberatsek beraien luxuzko kontsumoaz haratago soberan duten diruarekin zer egin edo non inbertitu ez badakite, hobe eskutik kentzea sekulako kaos finantzieroa sortu baino lehen, eta erabilera hobeagoa eman: esatebaterako gosea munduan desagerrarazi (Nazio batuen arabera 30.000 milioi dolar, Bushek bankuen erreskaterako erabiliko duen dirutzaren % 4a besterik ez).

Joseba

Joseba 2008-11-07 12:10 #1

Kaixo Tokaio:
zure analisiak irrikaz jarraitzen ditut BERRIAko igandeetako gehigarrian. Lastima astero bat ez egotea ;-) . Kostatu zait baina eman dut zure Bolgarekin, orain errazago aurkituko zaitut.

Ni ere Ekonomia ikasketak ditut, naiz eta ekonomilari bezala ez aritu eta jadanik gai asko ahaztuta izan. Esan behar dizut, zure idazkera eta gauzak azaltzeko estiloa oso argia dela.

Mila esker zure artikuloengatik, zure jarraitzaile baten partez

Utzi iruzkina: