SOLOW-REN PARADOXA (Berrian, 06-03-12an)
2000. urteko martsoan, Europako Kontseiluak Lisboako Agenda izenez ezaguna den estrategia definitu zuen. Helburua ezagutzan oinarrituriko munduko ekonomia lehiakorrena eta dinamikoena bilakatzea Europakoa, hamar urteren buruan. Eta horretarako Ikerketa eta Garapenean egiten den inbertsioa Barne Produktu Gordinaren ehuneko hirura igotzea da. Hego Euskal Herriko administrazioek ere Lisboako Agenda gidari dute, eta azken datuen arabera Nafarroan % 1,90ra eta Elkarte Autonomikoan %1,54ra iristen da I+Ga.
Honi lotuta azken hilabeteetan gure sare produktiboaren lehiakortasunaren inguruko hainbat txosten atera dira kalera. Bi aipatzekotan, Gipuzkoako Merkatal Ganbarak deslokalizazioari aurre egiteko aholkuen bilduma eta Euskal Enpresarien Zirkuluak azpiegiturei buruz enkargatu duen ikerketa. Biek amankomunean dute aurrekontu gehiago eskatzen dutela, berrikuntza sarea eta ahalmen teknologikoa sendotzeko. Baina oso txosten gutxitan kontutan hartzen da giza baliabideen kudeaketak berrikuntza sisteman duen eraginaz. Eta horrek estrategia kontraesankorrak planteatzea ondorioztatzen du. Esate baterako, Lisboako Agendan lan harremanak gehiago malgutzeko helburua talka egiten du berrikuntza jarraiaren bitartez produktibitatea hobetu nahiarekin.
Lan harremanak malgutzeko edota praktikan desarautzeko dinamikak langileen inplikazio aktiboa gutxiesten du eta enpresak kostuan lehiatzeko tendentzia indartu egiten du. Epe erdian argi dago lehiarako abantaila nagusia kostuetan zentratzea akatsa dela. Deslokalizazioek edota kalitate ertainean ekoizten diren ondasun merkeagoen uholdeek hala erakusten digute. Adibideak badaude ehungintzan, fundizioan edota makina-erreminta arloan. Pasadizo bat kontatzearren: duela urte gutxi txinatarrak Hannoverko makina-erremintarako ferian argazkiak ateratzera azaltzen zirenean europearrek parre egiten zieten. Aurten aldiz, azken hauek oso urduri zeuden, ikusi baitute txinatarrak gai direla berdina, kalitate berberean, askoz ere merkeago ekoizteko. Eta horri aurre egingo dion estrategia bakarra, libre komertzioa errespetatu nahi dugun heinean bederen (Estatu batuek ez du konplexurik komeni ez zaionean aldarrikatzen dutenaren kontrakoa egiteko, baina gu ez gara beraiek bezain inperioa), etengabeko berrikuntzan, goi teknologian, kalitatean aritzea da. Eta esparru horretan intangibleek zeresan asko dute, tartean langileen partehartzea eta inplikazioa. Horregatik da hain garrantzitsua ez bakarrik enpresariei erraztasunak jartzea I+Gn, trebakuntza jarraian, lan antolaketa eredu berrietan inbertitu dezaten, kostuetan zentraturiko estrategia enpresarialak inhibitzea ere bai. Malgutasun defentsiboaren ordez, kontratatzea eta kaleratzea errazten duen marko laboralaren ordez, langileen partehartzea, negoziaketa kolektiboa beste parametro batzuetan ematea ahalbideratzen duen malgutasun ofentsiboa indartzea. Gure herrian baditugu transizio hori egin duten hainbat enpresen adibide arrakastatsua.
Amaitu dezadan Solowren paradoxarekin. 90. hamarkadaren haseran Estatu Batuetako enpresetan informatizatzea oso hedatua zegoen, baina pentsa zitekeenaren kontra, ez zen inondik inora ikusten horrek produktibitateari edo enpresako emaitzei onurarik ekartzen zionik. Paradoxa hori Solow ekonomilariak esaldi honetan irudikatu zuen: “ordenagailuak nonnahi ikusten dira, estatistiketan ezik”. Hainbat ikerketek erantzun hau eman zuten: teknologi berri horiei esker egin ahal diren hobekuntzak (ekoizpen malgua, neurriar eta denboran egokitua, eskala jerarkikoen murriztea eta ardurak beheruntz delegatu ahal izatea) soilik dira posible eta ekonomian efektua izango dute baldin eta lan antolaketa klasikoa eraldatzen bada partaidetzaren norabidean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: