LA NAVALETIK ITOITZERA (berrian, 06/07/30)

No profile photo euskal ekonomiaz | 2006-11-28 19:21

Inork jakin nahi badu ze ezberdintasun dagoen kapital industriala eta kapital espekulatzaielaren artean aparteko aukera du Sestaoko La Naval kasuarekin. Aste honetan jakin dugu nor bihurtu den ontziolaren jabe eta zein baldintzetan. Jabea euskal armadoreen talde bat da Construcciones Navales del Norten (CNN) bildua; tartean BBKren zeharkako partaidetzarekin ere. Baldintzen artean bi gauza azpimarratzeko: alde batetik, langile kopurua murriztu egiten da 571tik 340era eta ordutik aurrera beharrezkoak direnak azpikontratazioaz estaliko dira; eta bestetik, La Naval erostea 5 milioi euro kostatu zaio CNNri.

Erosleen partetik ez dago kakotx gehigirik jartzerik. Sektorea ezagutzen dute, La Navaleko produkzio mota ez da beste armadoreenarekin lehian sartzen, osagarria da, eta euskal sektoreko euskal enpresen elkarlana eta sinergiak bidera ditzake operazioak. Agian faltan botatzen da integrazio bertikalagoa, non La Navalen produktuetan estrategikoki interesaturiko partaidea legoken, duela hilabete batzuk entzuten zen enpresa energetiko baten parekoa adibidez.

CNNko zuzendariak jardueraren jarraipenaren alde egin du apostua. Sindikatuek zalantzan jartzen dute hori eta arrazoia ez zaie falta. Egia da CNN Sepirekin sinaturiko akordioan iharduera bost urtez mantentzera lotuta dagoela. Egia da bost urte horietarako lan zama baduela. Baina itsasontzien negozioaz ez ezik, goxoki ederraren jabe egin da. La Navalek 300.000 metro karratu okupatzen du, eta metro karratu bakoitza, suposatuz gainontzeko guztiak ez duela txintxik ere balio, ez dena egia, noski, 16 eurotan atera zaio. Bidebatez, hiri-lurzoruaren prezioa Bizkaian 600 eurotan dago Etxebizitza Ministerioko estatistiken arabera. Gainera kasu honetan lur horietaz interesadunik badago, ikusi besterik ez dago Bilbao Metropolitano ze nolako aktuazioa eta bilakaera izaten ari den Ibaizabaleko bazterretan. Eta Sestaoko udalak eremu horietan etxebizitzak egiteko aukerak aspalditik aztertuak ditu. Goxokia erakargarria da, gaurko salneurrietan orain ordaindutakoa 37 aldiz biderkatuta berreskuratu, 5 milioren trukean 180 irabazi. Urterik onenean 10-20 miloiko mozkinak izatera zain egon gabe. Hori pagotxa!.

Hori egin nahiko balute oso zaila ez dute. La Naval enpresak zailtasunak izan ditu eta sektorea heldua eta zaila da, batik bat munduko produkzioa konzentratzen duten Japonia eta Koreari lehia egitea zaila delako, eta zer esanik ez etorkizun hurbilean Txinari. Gainera epe luzera gasero eta petroleo-ontzien eskaria erabat murriztuko da, erregai hauen agortzeagatik. Panorama honekin ez litzateke arraroa La Naval itxi eta operazio espelulatzaileetara jotzea.

 

Amaitzeko, eta nahiz aurreko gaiarekin zerikusirik ez izan, tentaldiari eustea ezinezkoa zait. Osteguneko prentsan orrialde osoa okupatzen zuen Industria, Turismo eta Komertzio Ministerioaren iragarki harrigarria azaldu zen. Tituluak honela dio: “Oferta Pública a las Corporaciones Municipales que, con caracter voluntario deseen optar al emplazamiento del Almacén Temporal Centralizado de material y combustible nuclear gastado y su centro tecnológico y empresarial asociado”. Benetan goitik behera irakurtzea merezi du, erregai nuklearren biltegia erakargarri janzteko egiten den ahaleginagatik. Zentru Teknologikoa, parke empresariala, 700 milioi euroko inbertsioa, 300 lanpostu,....Direnak eta ez direnak.  www.emplazamientoatc.es web orrian aurki daiteke. Jarraitzekoa izangoa da gai hau, ea zein udalek duten aurkezteko ausardia ikustearren gehienbat. Honi lotuta galdera bat otutzen zait: Agoitzeko udala eskeintza honetara aurkeztuko balitz onartua izango al litzateke? Edo beste erara esanda: biltegi nuklearra Agoitzen balego, Itoizeko urtegia beteko lukete?.


Utzi iruzkina: