HIPOKRESIAREN MITOAK (Berrian, 06/06/11)
Mintza gaitezen laburki garapenari buruz eta jar dezagun arreta munduko erakunde multilateraletatik hedatzen den pentsamendu ortodoxoan. Nazioarteko Moneta Fondoak, Munduko Bankuak eta Munduko Merkataritzarako Erakundeak, horren gaizki egin dute beraien lana, erraz pentsa daitekeela beraien benetako betebeharra herrialde aberatsen transmisio uhala izatean datzala herrialde pobreei ildo ekonomiko jakina inposatzeko.
Hori argi ikus daiteke MMEri erreparatuta. Teorian erakunde hau mundu mailan merkataritzaren liberalizazioa bultzatzeko dago, baina gaur egun merkataritzarekin lotura ahula duten hainbat gai sartzen ari dira agendan hegoaldeko herrialdeen kalterako. Adibidez, jabego intelektuala, kapitalen mugimendu askea, edota gizarte eta ingurugiro klausulak. Berez MME izaera zigortzailea duen erakunde bakarra da eta era honetan beste disziplina mota bat gehitzen zaie Moneta Fondoak ezartzen dituen egiturazko doikuntza programei.
Garapen bidean dauden herrialdeek hainbat presio jasotzen dituzte politika eta instituzio “egoki” zehatz batzuk aplika ditzaten. Politika egokiak Washingtoneko Kontsentsuak zerrendatutakoak omen lirateke: makroekonomia murriztailea, kanpo merkataritzaren eta inbertsioaren liberalizazioa, pribatizazioak eta desregulazioak.
Garapenerako literatura ortodoxoak, errezeta horiek justifikatu ahal izateko hainbat mito historiko eraiki ditu. Esate baterako: merkatal liberalizazioari dagokionez esan ohi da Inglaterra munduko lehen superpotentzia bilakatu zela bere laissez-faire politikari esker; patenteak eta jabego intelektualaren zuzenbiderik gabe herrialde garatuek ezin izango zuketen teknologian punta puntan egon; demokrazia eta gobernu egokia ezinbestekoa da pobrezia murrizteko. Azken hau Afrikan batipat izandako porrotaren errua bertako gobernuei leporatzeko.
Historia gainbegiratuta ordea, emaitzak bestelakoak dira. Demokrazia formala oso berria da. Gizonezkoen sufragio unibertsala XX mende hasierakoa eta emakumeena mende erdialdekoa. Banku Zentralaren figura XIX mende bukaerakoa da. EEBBetako Erreserba Federala 1913koa da. XIX mendeko patente legeak oso arinak eta baliogutxikoak ziren. Suizaren kasua paradigmatikoa da nagusitasun teknologikoa luze izan baitu patente legerik gabe. Aipatu gabe industrializazio garaietako administrazio burokratikoen kalitate eza zein korrupzio maila. Guzti honekin zera esan nahi da: gobernantzaren inguruan herialde txiroei ezartzen zaizkien eskakizunak Inglaterra, EEBB, Alemania, Frantzia, Suedia, Japonia, Belgika edo Holandak adibidez ez lituzketela beteko bere industrialiazazio garaietan.
Are gehiago, herrialde aberatsen industri iraultzetan zeozer erabili bazen hori protekzionismoa izan zen. Inglaterrak adibidez, mundu-potentzia bilakatu ondoren besarkatu zuen merkatal askearen politika, XIX bigarren erdialdean alegia. Berdin Estatu Batuak, bigarren mundu-gerraterarte munduko muga-zergarik altuenetakoak baitzituen. Eta horretaz gain, industri jaioberria sustatzeko eta babesteko neurri ugari erabili zuten OCDEko ia herrialde guztiek, hala nola, esportazioei dirulaguntzak, monopolio eskubideak, inbertsio publikoen plangintza, dirulaguntza sektorialak, publiko-pribatu lankidetza bultzatzeko erakundeak, administrazioak bultzaturiko espioitza industriala, langile kualifikatuak erakartzeko pizgarriak eta abar. Gaur egun garapen bidean dauden herrialdeei ukatzen zaizkien tresnak hain zuzen.
Ha-Joon Chang ekonomilariaren hitzetan, garapen ekonomikora iristeko eskailera kendu nahi diete herrialde txiroei, aberatsek erabili zuten eskailera. Ez da ez kontu berria. Inglaterrak antzeko zerbait egin zuen bere koloniekin, manufakturen garapena gerta ez zedin ahalik eta oztopo gehien jarriz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: