GIZA GARAPENAREN TXOSTENA 2005 (Berrian-05/09/18)
Nazio Batuen Erakundeak Giza Garapenaren Txostena 2005 argitatu berri du. Bertan kalkulatutako Giza Garapen Indizearen rankinean Estatu espainola 21. postuan legoke eta frantsesa 16.enean. Euskal Herrikoa kalkulatuko bagenu 17. tokian geundeke.
Txosten honek urtero txirotasunaren erradiografia aurpegiratzen digu eta datuak bortitzak dira. Munduko populazioaren ehuneko berrogeia, 2500 milioi pertsona alegia, bi dolar baino gutxiagorekin bizi da eta munduko diru sarreren ehuneko bosta baino ez du eskura. Horietarik 1000 milioi pertsona dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira.
Azken hauek muturreko txiroak dira. Duela bost urte zehazturiko Milurtekorako Helburuak izeneko egitasmoan erdira murriztu nahi da multzo hau 2015. urtea baino lehen. Aipatu behar da txirotasuna neurtzeko metodologia honek (eguneko dolar beteko muga) ez duela benetako txirotasuna neurtzen, herrialde batzuetan bizi maila altuagoa izanik diru gehiagorekin ere muturreko txiroa izaten jarraitu ahal delako. Hori dela eta hainbat eskualdetan, Latinoamerika edota Ekialdeko Europan esaterako, muga bi dolarretan ezartzeko eskatzen ari da. Hori egingo balitz txirotasunaren kalifikazioa larriagotuko litzateke. Milurtekorako Helburuak anbizio handiagokoak lirateke eta ondorioz herrialde garatuek baliabide gehiago ezarri beharko luke.
Aberatsen eta pobreen arteko aldea handitzen ari da. XIX. mende haseran 1:3 koa bazen, orain 1:20 koa da. Atentzioa deitzekoa da munduko bostehun pertsona aberatsenek 416 milioi txiroenek baino gehiago irabaztea. Nire soldatekin egin dut kalkulua eta 80 pertsona txiroenen sarrerekin parekatu daiteke. Aldiz, aberats hauen bakoitzeko ia milioi bat. Pobreziaren hobekuntzak soilik Txinan ematen ari dira. baina Bertan bere lehen krisi kapitalista gertatutako balitz orduan nabarmen ikusiko litzateke munduan txirotasuna zabaltzen ari dela, baita zifra orokorretan ere.
Txosten honek edukin interesgarri ugari ditu. Ospatu berri den NBE-ren goi bileran eragina izateko prestatua eta aurretik argitaratua izan da. Eta jazotako porrotaren itzalean eragin urrikoa izan dela argi dago. Txostenak argi gorria pizten du. Orain arte bezala jarraituz gero 2015. urtean txiro kopurua erdira murriztetik urrun, 380 milioi pertsona gehiagotan haziko baita. Eta bitartean 1970. urtean ezarritako ehuneko 0,7 aren helburua behingo batez gauzatzeko egutegirik ez dago, Bush-ek ez duela asmorik betetzeko esan du eta hitz politak baino ez.
Kuriosoa da oso ehuneko 0,7aren kontu hau. Teorian Barne produktu Gordinaren % 0,7 a Garapenerako Laguntza Publikora (GLP) dedikatu beharko litzateke, garapen bidean dauden herrialdeei zuzentzeko. Baina praktikan herrialde txiroek herrialde aberatsak finantziatzen dituzte. Kanpo Zorraren ordainketaren bitartez. Emigratzaileek sorterrira bidaltzen dituzten aurrezkiek GLPa bikoiztu egiten dute. Bestalde GLP honetan herrialde txiroei emandako maileguak sartzen dira. Mailegu hauetako asko komertzialak dira eta baldintzatuak daude mailegua ematen duen herrialdean diru hori gastatzera. Gainera herrialde aberatsek zorren bat barkatzen badiote, horixe ere zenbatzen da eta gainera zorraren balio nominalean, merkatuan zorretan dagoen kapitalari aplikatzen zaion deskonturik gabe. Eta azkenik GLParen helbidea interes geopolitikoengatik erabat baldintzatua dago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: