GEOGRAFIAREKIKO KONPROMISOGUNEAK (I) (Berrian, 06/05/07)
Volkswagenek Nafarroako faktoriari lan zama murrizteko neurriaz mehatxatzen du. Bizkaiko Metaleko patronalaren ordekariak bertako enpresei deslokalizazioa aholkatu die etorkizunerako apostu gisa. Espaniako Gobernuak kostu politikoak jasateko prest omen dago duela gutxirarte publikoa zen Endesaren erabaki zentrua Estatuan mantendu dadin, Gas Naturalaren erosketa lehenetsiz eta Alemaniako E.On aukera oztopatuz. Jean Lasalle diputatuak bost asteko gose greba egin du Toyal enpresa japoniarra Biarnotik ospa egin dezan saiesteko. Lortu ere antza. Kataluniako Estatutu berrian deslokalizazioaren fenomenoari aurre egiteko tresnen beharraren kezka agerikoa da.
Adibide guzti hauek argi adierazten dute erabakigunea non dauden eta geografiari dioten lotura ahul-sendoagoak ze nolako garrantzia duen ekonomia lokalean. Globalizazio produktiboak asimetria nabarmena duelako. Kapital faktoreak mugikortasun erraza eta handia duen bitartean, lan faktoreak ez du mugikortasun maila hori, eta ez dut uste inork desiragarria ikusten duenik ere. Finantz jarioa interneteko sareaz mugitu daitekeen arren, lan faktorea langileak dira, pertsonak dira, familia, sustraiak, kultura, hizkuntzadunak, izaki sozial eta kulturalak hain zuzen ere. Ondorioz enplegua eta aberastasuna non sortzen den, geografia produktibo hori hain zuzen ere, ezin da ahaztu edo alboratu.
Geografia honi atxekituta dago erabakigunea edo kontrola noren esku dagoen eta zein ikuspegiarekin iharduten duen. Oso ezberdina baita Ericsson, Daewoo, Volkswagen, Mercedes-en jokabidea edota Fagorrarena. Guztiak dira multinazionalak eta deslokalizazioren dinamikan murgilduta dute. Baina lehen multzoak irizpide tekniko ekonomiko hutsak erabiliko ditu erabaki ekuazioetan (zalantzak ditut eragin politikoek zein neurrirarte duten eraginkortasuna, eman ohi diren diru laguntzen efektu iragankorrez haratago) Aldiz, Fagorrek irizpide horietaz gain geografiarekiko arduraren faktorea barneratu beharra dauka, besteak beste, langileak sozio eta jabe direlako.
Garapen endogenoaren mamia ez datza tokiko baliabideak (kapitala, azpiegiturak, ezagutza, teknologia, langileriaren prestakuntza, lan eremu instituzionala,...) mobilizatuz sare produktiboaren ernaraztean soilik. Prozesu hori lokalki sostengarria izatean ere badatza eta horrek esanahi du geografia sozial eta kulturalarekiko arduratsua izan behar duela. Garapen endogenoak aberria edo komunitatea izan behar du edo bestela globalizazio neoliberalaren logikak irentsi egingo du. Derradan bidebatez aberriek, edo zentzu identitario kolektiboek badutela eragin positiboa garapen endogenoan. Baina berrelikadura edo feedback hori beste egun bateko gaia daiteke.
Orduan galdera honako izan daiteke: zeintzu dira geografia honekiko arduratsu joka dezaketen erabaki guneak edo kontrol bitartekoak?. Klasikoki enpresa publikoari eman zaio erantzukizun edo ezaugarri hori. Gure kasuan enpresa publikoaren praktika urria egon izan da. Gainera 80.garren hamarkadatik aurrera pribatizatze korronteak aukera hori lurperatzea ekarri du. Evo Moralesek eztabaidagai jarri duen nazionalizatze berba Europan azkenekoz entzun zela Mitterrandek banka nazionalizatu behar zuela esan zuenean izan zen.
Europa Batasuneko Tratatuak ez die Estatuei enpresa publikoak izateko eta sortzeko eskuduntza ukatzen, baina Konpetentziaren Defentsarako politikak muga batzuk ezartzen ditu. Muga hauek industri dibertsifikaziorako politika endogenoa zaildu egiten du. Zaildu, baina ez eragotzi.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: