GEOGRAFIAREKIKO KONPROMISOGUNEAK (eta II) (berrian, 06/05/14)
Geografiarekiko arduratsu joka dezaketen aktibazio guneen inguruan gabiltzala galdera adibide praktiko baten inguruan berformulatu daiteke. Hego Euskal Herrian 345 enpresa eta 48.000 lanpostu dituen autogintza auxiliarraren arloa fusio eta erosketa dinamikan murgilduta dago. PriceWaterhouse Coopers zerbitzu enpresaren arabera, 2010 urterako lehen mailako hornitzaileen kopurua gaurko mila enpresetatik 20-30 bitartera murriztuko da, eta bigarren mailako hornitzaileen artean (hemen kokatzen dira euskal enpresa gehienak) 10.000tik 800era. Egoera honen aurrean zein da jarrera egokia: iniziatiba pribatuari bere bidea egiten utzi edo arlo publikotik gure geografiari kaltea gutxiagotzeko saiakera artikulatu?.
90. hamarkadan dibertsifikazio politika aurrera eramateko clusterren formula martxan jarri zen. Cluster hauetan estrategikotzat definitutako sektoreetako enpresak, administrazioa eta beste instituzio batzuk batzen ziren, diagnostikoaren ondoren jarduera ildo batzuk praktikan jartzeko. Osotze lehen urratsetatik haratago administrazio publikoak ez du zeregin aktiborik izan, norabidearen ardura osoa ekimen pribatuari utziz. Hamabost urte geroago gure sare industriala ez da dibertsifikatu. Duela hiru hamarkada munduko krisiaren eragina sakonago jasan zuten jardueratan espezializaturik jarraitzen dugu.
Clusterren ildoa martxan jarri zenean hamaika adar estrategiko izendatu ziren. Horien artean aeronautikoa. 1997an Hegan clusterra sortzen da, hiru enpresa nagusirekin: ITP, Sener eta Gamesa. Bederatzi urte geroago hiru hanka horietako batek, Gamesak hain zuzen ere (BBVA eta Iberdrola jabe direla), bere dibisio aeronautikoa saltzea eta eolikoa kontserbatzea erabakitzen du. Euskal administrazioek ez dute fitxarik mugitu. Azkenean Castilla La Manchako Aurrezki Kutxak erosi du, Albaceten kokatuko diren hainbat egitasmo aeronautikoen osagarri. Ez al zen bada sektore estrategikoa?. Administrazioak industri politikan funtzio proaktiborik izateari uko egin al dio?.
Egunen batean hausnartu beharko litzateke dirulaguntzetan zentraturiko industri politikaren ordez zein osagarri ez ote den eraginkorragoa eta epe luzera merkeagoa parte hartze enpresarialetan oinarrituriko industri politika. Industriaren promoziorako jaiotako SODENAk eta SPRIk enpresetan parte hartze egonkorrarako egitura sortzeari uko egin zioten aspaldi. 3-R Planak enpresei emandako abalen truke gidaritza indikatiborako bitartekoak adosteko aukera galdu izana kritikatua izan da. Ez enpresaren kontrol osoa izateko, bai ordea sare produktiboak behar dituen lankidetza eta kudeaketa praktika batzuetara zuzentzeko.
Axola izanez gero tresnak egon badaude. Horra hor aurrezki kutxen potentzialtasuna. Erakunde hauek administrazio publikoaren menpe daude. Gure espazio sozioekonomikoan eragiten dute ez bakarrik obra sozialaren bitartez, parte hartze industrialen bitartez ere. Zergatik ez aurrezki kutxak abiapuntu, dibertsifikaziora zuzenduriko politika industrial aktiboa garatu eta erabakiguneak eraiki?. Ildo honetan badugu MCCren adibidea. Beronen hazkuntza eta dibertsifikazioa ezin daiteke uler Lan Kide Aurrezki Kutxarekin izandako sinbiosiarik gabe.
Sindikatuek badute arrazoirik enpresa pribatizatu behar denean, La Naval kasu, aurrezki kutxek jabegoaren partaide bilaka daitezela eskatzeko. Globalizazio produktiboak ahularazten dituen erabakiguneen aurkako joera eskatzen dute, geografiarekiko konpromisoetan sendotasuna. Kontrako aldean, adierazgarria ere Nazioarteko Moneta Fondoak aurrezki kutxen pisu politikoa kritikatu izana.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: