EUSKAL MULTINAZIONALAK (berrian, 06/09/17)
Endesa-ren bi ezkongaien (Gas Natural eta E.On alemana) arteko lehiak eztabaida bizia piztu du europear txapeldun ala estatu txapeldun aukeren artean. Testuinguru honetan deigarria gertatu da Industri Kontseilari ohi bati euskal multinazionalak sortu behar direla entzutea.
Mundu ekonomiari buruzko literaturan enpresa multinazionalak, -hobe transnazionalak- hainbat ezaugarriekin definitzen dira, hala nola: ekoizpen unitateak estatu ezberdinetan izatea; izaera plantanitza eta produktuanitza; industri antolaketan, langile zuzendaritzan, stock kudeaketan, marketingean teknika aurreratuenak erabiltzea; I+Gn inbertsio sendoak egitea; aktibo likidoak munduko burtsetan ipintzerakoan politika bizkor eta oldarkorra izatea; diharduten herrialdetako mekanismo politikoak ezagutzea eta sarritan eragiteko ahalmena edikutzea; eta dagokien merkatuetan botere oligopolistikoa izatea.
Ezaugarri hauen arabera, egoitza soziala Euskal Herrian duten bi enpresa baino ez daude multinazionalak direnak, alegia, Fortune aldizkariaren 500 enpresa handien zerrendan azaltzen diren euskal enpresa bakarrak: BBVA 410. postuan eta Iberdrola 466. postuan.
Multinazionalak sortzearekin esan nahi bada euskal enpresak nazioarteko bihurtarazi behar direla, balorazio positibo errazak baztertzea komeni da. Bi aldetik begiratuta. Batetik, beste herrialde batetan lantegiak irekitzen badira merkatu horietan hedatzeko asmoz edota balio erantsi gutxiko ekoizpen zatiak bertaratzeko, marjina handiko ekoizpen zatien tokiko garapenean tematzen den bitartean, horrek ondorio positiboak izango ditu gure sare produktiboan. Baina arriskua dago liburuko deslokalizazioaren fenomenoa gertatzeko baldin eta ekoizpen osoak atzerriratzen badira, enpresak komertzial hutsean bilakatuz. Ekonomilari frantziar batzuek sustantziaren galera deitzen diote fenomeno honi, hots, berrikuntza matrizearen galera.
Bestetik, gaur egun ekoizpenaren mundializazioan erabiltzen diren figurak bategiteak eta atzerriko enpresen erosketak dira, batipat bigarrenak. Eta iruditzen zait dugun tamainagatik erosteko baino erosiak izateko gai direla euskal enpresak. Euskal Herrian 22 enpresa dago mila langile baino gehiagorekin. Bost kooperatiba ezik, gehienak atzerriko kapitalak kontrolatuak (Michelin, Volkswagen, DaimlerChrysler, BoschSiemmens, Bridgestone, Sidenor, Babcock, …). Are gehiago, beste datu batzuen arabera Hego Euskal Herrian multinazionalen 350 filial daude eta enpleguaren % 38aren gainean eragina dute. Gainera, kapital konzentratzea azkartzen ari da sektore batzuetan, tartean gure sare produktiboan presentzia handia duten sektoreak, automobilgintzaren industri laguntzailea esaterako.
Eta zer da euskal izatea?. Batez ere, tokiko esperientzia endogenoaren partaide izatea. Bai gure herrian enplegua sortzen iraunkortasun konpromisoaz; bai azpiegitura fisiko eta ukiezinak uzten; bai inbertsio-lokalizatzeen lehentasunak herriaren mesederako markatzen, noiz edo noiz alternatiba errentagarriagoen aurrean ere; bai zerga-ordainketa nagusia euskal ogasunetan eginez; bai enplegu kualifikatuenen atal estrategikoenak, diseinu nagusiak, I+Garen zati nagusiak eta erabaki-zentro nagusiak herrian mantentzen. Zalantzak ditut bertako bi multinazionalek euskal kontsiderazioa har dezaketen, aspaldi ari baitira Madrilera begira baino Madriletik begira.
Multinazinalak sortzeari ekin baino, hobe enpresa txiki eta ertainekin asmatzea, balio erantsi eta soldata altuko mailetan kokatzen joan daitezen, kostuetan bakarrik lehiatzeari utz diezaioten sustapen eta disuasio neurriak konbinatuz. Baina tira, euskal multinazionalak sortu nahi bada, aurretiaz ez al da beharrezkoa izango politika ekonomikoaren esparruan hainbat eskuduntza edo erabaki ahalmen eskuratzea? Eta ez al da eraginkorrago zeregin honetara 6000 milioi euro bideratzea, Abiadura Handiko Tren snob eta defizitario batetan xahutzea baino?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: