ETXEBIZITZA HUTSEN DESAMORTIZAZIOA (berrian - 05/11/13)
Inork esango luke Maria Antonia Trujillo, Espainiako etxebizitza ministroa, Jarrai, Haika, Segi, Duina edota Gasteizeko 8812 Plataformarekin koinzidentzia ideologikoak dituela. Esana baitu etxebizitzaren arazoa larriagotu egiten dela merkatuan ez dauden hiru milioi etxebizitza hutsen kariaz (El Pais, 05-10-13). Are gehiago, prestatzen ari diren lege batetan etxebizitza hutsak espropiatzeko aukera airatu dute. Laister ukatu dute, ordea, aukera hori. Ez dakigu globo zunda izan den ala tartean Raimundo Silva gorriren bat sartu den zuzentzaile lanetan. Benetan esparru kuriosoa da etxebizitzen honakoa, duela hamar urte posizio politiko batek oihartzun gutxiz defendatzen zituen proposamenak praktikan jartzen ari baitira. Ez nahi bezainbesteko grinaz, baina kontzeptu batzuk hedatzen ari dira.
Zentsuen arabera Euskal Herrian hutsik dauden 245 mila etxebizitzetatik herena soilik egongo da benetan hutsik, beste bi herenak okupatuak edo merkatuan saldu edo alokatu esperoan baitaude. Halaxe erakusten dute azterketa zehatzago batzuek.
Jar dezagun arreta hutsik eta merkatutik kanpo dagoen 80 milako multzo horretan. Ia erdia azken bi urteotan erabili gabeak dira, 40.000 mila inguru. Demagun, zuhurrak izanda, 30.000 etxebizitza erabilgarriak direla, hutsik daudela eta merkatutik kanpo daudela. Haserako zifra ederki murriztu zaigu. Hala ere ez da pagotxa. Madrazoren sailak, datozen hamar urteotan 107 mila etxebizitza beharko direla kalkulatu baitu. Hamar urtetako beharren laurdena epe motzean estalita egongo lizatzeke baldin eta politika ausartago bat egiteko prestakuntza eta borondatea balego.
Etxebizitza hutsen errealitatearen atzean espekulazioa dago. Aurrezteko beste era bat da etxebizitza. Oso aproposa burtsak aitzinako plusbaliak ematen ez dituenean. Moneta aldaketa medio diru beltza azalararazi behar denean. Etxebizitzen salneurrien goranzko joera amaituko ez dela uste denean. Ongi erakusten du hori etxebizitzari lotutako mailegu hipotekarioen titularren herena pertsona juridikoak izateak, hots, elkarte merkantilak.
Printzipioz aurrezteari ez diezaiogun erreparorik jar. Urrea erosi, arte lanak erosi, akzioak erosi edota fondoetan dirua sartzearen parekoa da etxebizitza erostea, baina berezitasun nabarmen batekin. Etxebizitzak oinarrizko behar sozial bati erantzuten dio. Horregatik tratamendu berezia eskatzen du. Ez baita berdina urrean inbertitu edo etxebizitza batetan inbertitu eta hainbat urtez erabilpenik gabe utzi. Despilfarroa da hori. Egoera honetan oportunitate kostu sozial handia sortzen duena. Burbuila hipotekarioa eta inmobiliarioa puzten dituena.
Espropiazioaren bidea baino egokiagoa badago. Espropiazioaren bidetik abiatzeko ausardia handia behar baita, nahiz eta berriki enkesta batetan onespen zabala jaso etxebizitzan hutsen kasurako.
Helburua etxebizitza horiek merkatura ateratzea da. Etxebizitza horiek identifikatzea arras erraza da, argi-indarraren eta uraren fakturak txekeatzea besterik ez dago. Gero baremo bat jar daiteke, esatebaterako, urte bete edo bi urte baino gehiago etxea hutsik izan duten jabeen gainean ekin. Bi aukera eskeiniz: etxebizitza alokairu poltsa batetan sartu edota bitartekaritza erakunde publiko bati saldu, eskrituratu zuten salneurri eguneratuan. Noski ekimen hau behin soilik egiteko neurria litzateke. Onurak: merkaturatzen da etxebitza huts kupuru hori, espekulazioa galgatu egiten da, salneurriak kontrolatuak diren heinean etxebizitza libreen prezioa eusteko erabiltzen da, burbuila inmobiliarioari presioa kentzen zaio eta jabeek ez dute diru galerarik jasaten.
Egia esan ez dakit legediak horrelako operazio bat onartu dezakeen. Jabego pribatua ororen gainetik dagoen irizpidea baita. Baina iruditzen zait legedi arazoa baino, beste bat dela: desamortizazio hau aurrera atera dezaken Mendizabalik ba ote dagoen, alegia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: