Zuregatik Iosu!

jos 1456149231317 Amets, zatoz nigana | 2008-05-07 16:10
1

Zuregatik Iosu! Apirilaren 17an, Ikus-entzunezko komunikazioko hirugarren mailako ikasleoi bihotz zati bat lapurtu ziguten. Goizeko ordu txikitan joan ziren zure bila, ehiztaririk koldarrenen antzera, eta gauaren iluntasunean eraman zintuzten. Telebistan garaikur gisara erakutsi ondoren, bost egun eta bost gau luzez eduki zintuzten euren hatzaparretan; mehatxuz, burlaz eta jipoiez jositako 120 ordu amaigaberen agonian. Orain, Alcala Mecoko espetxean zaude, Euskal Herritik ehunka kilometrora; baina, halere Iosu, jakin ezazu urruti egon arren gurekin zaudela, gu zurekin gauden bezalaxe. Zaila zaigu denbora batez elkar ikusiko ez dugula onartzea. Jakin badakigu aurrera egingo duzula: ezinezkoa delako itsasoari mugak jartzea bezala arrano bat lau pareten artean giltzaperatzea. Hasieratik gelakideok zure hutsunea nabari dugu, Txus. Hiru urte dira elkar ezagutzen dugula, eta lehenengo egunetik igarri genuen ez zarela gizarte-sistemak eskaintzen duen besaulki erosoetan lasai jesartzen den horietakoa: egunero hankarekin egiten dituzun kolpetxoekin sumatzen genuen zure egonezina. Jada klase arteko zigarretak ez ditugu lehen bezain gustura erretzen eta atsedenaldietako jeladun ebakiei ere zure esentzia falta zaie. Ziberbandalismoak ere behera egin du asteotan. Bihotzaren zati bat kentzeaz gain, bertso afarietako laguna urrutiratu digute. Txomintxapel fakultateko egunean, zure omenez egingo dugu topa; harro baikaude zurekin konpartitutako une guztiez eta zu lagun izateaz. Klaseetan aspertzen garenean ere gelako ormetan jarri dugun zure argazkiari begiratu eta, ziur, gure ezpainetan irudikatzen duzun irribarreak gailenduko duela. Zuk bakarrik bete dezakezun hutsunea utzi duzu gugan, Iosu. Ez dugu etsiko berriz ere gure artean izan arte. Besarkada bero bat zuretzat eta beste bat gureentzat Eskoriatzatik. Zaindu sorbaldak, ez galdu irribarrea eta egin beti aurrera! Maite zaitugu Iosu! Aritz Sue Maldonadok Ikus-entzunezko komunikazioko 3.mailako ikaskideen izenean. iosu

Iñaki

Iñaki 2008-05-07 20:29 #1

Animo. Ez dugu izaterik aske haiek gabe.


Utzi iruzkina: