Urte bat
Urtea bukatzearekin gibelera begiratzeko parada hartu ohi dugu. Urte berezia izan da niretzat. Politikan lehendik banenbilen arren -herrian zinegotzi lehenbizi, eta Aralarko zuzendaritzan gero-, 2006ko abenduaz geroztik alderdiaren koordinatzaile-orde izateko ardura hartu nuen. Orain urte bat. Balantzea egiteko tenorea, hortaz.
Eguberrietan ohikoak diren mezuez haratago, Barajasko atentatuaren balorazioarekin estreinatu behar izan nuen. Patxi -Zabaleta, noski- eta biok atera ginen Iruñan prentsaren aitzinean. Berde, hagitz berde nengoen artean. Ez nuen nire burua goi-mailako politikagintzan ikusten. Herri mugimendutik nator, eta herriarekiko lotura horretatik egin nuen jauzi politikara. Eta bat-batean, kamara eta mikrofonoak zuri begira.
Ez diot sekula beldurrik izan kamara aitzineko jardunari. Aitzitik, gustatzen zaidala aitortuko dut. Baina bertzelakoa da iritzia eta balorazio politikoa egitea. Eta horretan ez nuen ikusten nire burua.
Eta ondotik etorri zen EB-rekin batera kanpaina. Herriz herri ibiltzea, mitinak prestatu eta eman (ufa!), dinamika zoro hori. Eta gustura ere bai! Negoziazioak, komunikabideen aitzinekoak, kanpainaren diseinua eta antolaketa. Gogorra, bai. Baina aunitz ikasi nuen. Pila bat! Eta tokian tokiko militanteekin harreman, hori bai erakargarria eta goxoa! Eta euren ilusioa konpartitzea, gozatzea! Dudarik gabe, hori da politikaren alderdirik politena, polietikoena, harreman afektiboa, harreman pertsonalak. Etsaien bat edo bertze irabazi izanen dugu, akaso, baina lagunak egin, zenbat!
Gau elektoraleko nerbioak ez dira makalak. Hainbertze dago jokoan politikan gabiltzanontzat!
Baina zinez gogorrena ondorenekoa egin zait. Hauteskunde egunaren ondotik dena bukatua zela uste nuenean, keba! Negoziazioak, erlojuaren kontra gehienetan. Udalak lehenbizi. Aldundiak gero. Eta gobernuan sartzea.
Eta bitartean, Nafarroako egoerak ematen zigun albisteren bat egun bat bai eta bertzea ere bai. Ez ziren egun alaiak izan!
Eta bitartean, alderdia barrenetik antolatu beharra, tarteka haserrealdiak, tarteka ilusioak, tarteka frustrazioak.
Baina aitortuko dut aunitz ikasi dudala. Ez dudala nire burua hain berde ikusten. Berde bai, baina ez hain berde. Aunitz dut ikasteko. Aunitz! Baina badu politikak erakargarritasunik. Ilusioak gizarteratzeko tresna ere bada. Eta mezua gizartera heltzeko ariketa hori.
Beroa dator 2008a ere. Ufa! Hauteskundeak martxoan, kontsulta urrian, hauteskundeak, berriz ere, ondotik... Eta horiek guztiak koordinatu eta antolatu behar dira. Makinaria ttikia dugu guk. Baina aterako gara aitzina. Gogoa eta kemena behar da. Ia babesa badugun. Horrekin konformatzen naiz. Hainbertze ote?
Ia 2008ak maiztasun gehiagorekin idazteko fundamentua ekartzen didan!
Urte berri on denoi!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: